argia.eus
INPRIMATU
Israelgo kolonoen erasoak %78 areagotu dira pandemia hasi zenetik
  • Koronabirusak eragindako pandemiaren egunetan, Zisjordania okupatuan palestinarren aurkako indarkeria handitu dute kolono israeldarrek, giza eskubideen aldeko Al Haq erakundeak zabaldu duenez.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 12a
Argazkia: Hispantv

Electronic Intifada hedabideak gogorarazten duenez, António Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak pandemiaren hedapena oztopatzeko su-eten orokorra eskatu zuen. Handik gutxia Israelek bi palestinar hil zituen, horietako bat haurra, eta ordutik haien erasoak areagotu besterik ez dira egin.

"Israelek Zisjordanian eraso militarrei eutsi die, atxiloketak eta atxiloketa administratibo zabalak egin ditu, kolonoek indarkeria maila handitzea ahalbidetu du eta Gazako Zerrendaren blokeo bortitzari segida eman dio", adierazi du Al Haq eskubide palestinarren erakundeak.

Martxoko azken bi asteetan kolonoek palestinarren aurka egindako erasoen kopurua ohi baino %78 altuagoa izan da, OCHA NBEko behatokiaren arabera. Denbora tarte horretan, "gutxienez kolono israeldarren 16 eraso izan dira, horietan bost palestinar zauritu dituzte eta jabetzari kalte handiak eragin dizkiote", OCAHk jakinarazi zuenez.

Koronabirusari aurre egiteko, Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammad Shtayyehk Zisjordaniako (Ekialdeko Jerusalem barne) palestinar guztientzat bi asteko konfinamendua agindu bazuen ere, denbora horretan bere erabakiak ez zuen inolako eraginik izan legez kanpoko kolonietan bizi diren 800.000 bat israeldarrentzat. Kolono horiek zenbait errepide, janari-denda eta gasolindegi partekatzen dituzte palestinarrekin, eta maiz irainak, eraso fisikoak eta jabetzari kalteak eragiten dizkiete.