No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Hilabete ere ez da Hamdan Ballal palestinarrak dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuela No other land lan errealistagatik. Filmak Basel Adra aktibista palestinar gaztearen egunerokoa kontatzen du, berak eta bere familiak nola egiten dieten aurre kolono israeldarrei, Zisjordaniako bere jaioleku Masafer Yattatik kanporatuak izan ez daitezen. Borrokaldi horretan ezagutuko du Yuval Abraham, kazetari israeldarra, zeina palestinarren alde lerratuko den Israelgo kolonoen biolentziaren aurrean. Filmean argi ikusten da bi pertsonak, alboan badaude ere, ez direla berdinak: Baselek, palestinarra delako, biolentzia eta jazarpena jasaten ditu; eta Yuval, ordea, lasai eta seguru bizi daiteke.
Hego Euskal Herrian ikusgai dago dokumentala Filmin eta Movistar plataformetan; Ipar Euskal Herrian, aldiz, soilik zineman.
Filma bi zinegilek zuzendu dute: Hamdan Ballal palestinarrak –hain justu ere filmeko protagonista bezala Masafer Yattako Susiya herrixkan bizi dena–, eta filmeko bigarren protagonista ere baden Yuval Abraham israeldarrak.
Azken horrek jakinarazi du zuzendarikide Ballal jipoitu egin dutela Israelgo kolonoek. Lekukoen arabera, kolonoak zinemagilearen etxera joan eta harrika hartu dute. Jipoitu eta lurrean botata utzi ostean, ingurukoek laguntza eskatu, anbulantzian sartu eta ospitalera bidean ipini dute Ballal, baina ibilgailua gerarazi dute Israelgo soldaduek. Ordutik, ez zegoen berari buruzko berririk; bere ingurukoek ez zekiten non zegoen ere.
Astearte goizean jakin da aske utzi dutela. Albistea dokumentaleko zuzendari kide Abrahamek eman du sare sozialetan: "Gau osoa eskuburdinak jarrita eta base militar batean jipoitua izan ondoren, Hamdam Ballal libre da eta bere etxera itzultzeko zorian dago familiarekin".