Yisraela Goldblum Funtsak eskatuta, Dialog erakundeak inkesta egin du Israelgo judutarren artean. Guztira 503 lagun elkarrizketatu ditu eta emaitzen arabera, gehienek palestinarrenganako apartheid erregimena babestuko lukete, Estatuak formalki Zisjordania anexionatuko balu. Halaber, herritar arabiarren aurkako diskriminazioaren alde dago inkestatuen gehiengoa.
Judutarren %59ak dio arabiarrekin alderatuta judutarrek lehentasuna izan behar dutela Gobernu sailetan lanpostua lortzeko; %49ak nahi du Estatuak arabiarrak baino hobeto tratatu ditzala judutarrak; %42ak ez du bizi nahi arabiarrak dauden etxebizitza berean; eta kopuru horrek berak ez ditu eraman nahi seme-alabak arabiarrak dauden ikastetxe batera.
Inkestaren arabera, Israelgo judutarren %69ak ukatu egingo lioke botoa 2,5 milioi palestinarrei, Israelek Zisjordania anexionatuz gero, eta %74a mendebaldeko erriberan judutar eta palestinarrentzako errepide bananduak izatearen alde dago.
Inkestatuen artean, ultra-ortodoxoena da arabiarren aurka dagoen talde nagusia eta israeldar laikoak dira arrazismo maila txikiena dutenak.