Espainiako Vuelta abiatzearekin bat, Biladi eta Komite Internazionalistako kideek Israel Apartheid gisako mezuak margotu dituzte Gipuzkoako errepideetan, Israel Start-Up Nation taldeak herrialdearen irudia "normalizatu" eta palestinarren aurkako "krimenak zuritzen" dituelakoan.
"Jakin badakigu, kirol ekitaldietan parte hartzen saiatzeagatik ere, Israel estatu genozida dela", diote plazaratutako oharrean. "Politika eta kirola ez direla nahastu behar esaten digute. Esan diezaiotela Alaa al-Dali 21 urteko ziklista palestinarrari. Israeldar frankotiratzaile batek tiro egin zion eta hanka moztu behar izan zioten, 2018ko Asiako Jokoetan lehiatzeko ametsa apurtuz".
Israelek kirolerako eskubidea urratzen duela salatu dute, estadioak suntsitzen dituela, eta palestinar kirolarien joan-etorriak eta entrenamenduak oztopatzen dituela.
Instituzioei eskatu diete Israelgo Gobernuaren aurpegia zuritzea helburu duten jaduerak ez babesteko, eta Israelekin hartu-eman ekonomiko oro apurtzeko. Halaber, Israeli eskatu diote Nazioarteko Eskubidearen arauak bete eta Palestinaren okupazio militarrari amaiera emateko.