argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Gobernuak Haaretz egunkaria zigortzea proposatu du
  • Sholomo Karhi Israelgo Gobernuko Komunikazio ministroak ez du gustuko Haaretz egunkari israeldarra gerra nola ari den lantzen, eta bere kontrolpean diren publizitate eta harpidetza guztiak kentzeko mehatxu egin dio. Israelgo Kazetarien sindikatuak elkartasuna adierazi dio Haaretz-i.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 24a
Argazkia: Wikipedia

Likud alderdiko ministroa da Karhi eta, bere ustez, Haaretz “propaganda gezurtia eta galtzailea” zabaltzen ari da, “gerra garaian Israelen aurkako sabotajea egiten ari da” eta gainera, “Israelgo etsaien bozeramale sutsua” bihurtu da.

Horregatik, bere ministerioko aholkulari juridikoei eskatu die azter dezaten ea zer aukera dagoen gobernuaren mendekoa den edozein erakundek Haaretz-i egindako edozelako ordainketa eteteko aukera.

Karhi-ren esanetan, “Israelgo Estatua Haaretz-eko bezeroetakoa da, eta erabaki ahal du gerra garaian Israelen aurkako sabotajea eta etsaiaren aurrean soldadu eta zibilen izpiritua higatzen duen egunkari bateko bezero ez izatea”. Israelek badu bakarrik gerra garaietarako den zigor kodea eta ministroak adierazi duenez, baliteke egunkari horrek hainbatetan urratu izana legedi hori.

Hainbat analista eta kazetari elkarteren ustez, bide hau izan liteke Haaretz ixteko hartutako lehen neurrietakoa. Nolabait ere Israelgo ezkerra ordezkatzen duen egunkariak gobernuarekiko oso jarrera kritikoa du, eta besteak beste, argitara eman du Israelgo poliziaren txosten bat, non aipatzen den Israelgo aire armadak urriaren 7an zibil israeldar ugari hil zituela egun hartan egiten ari zen Nova musika jaialdian.

Informazio horien arabera, pilotu israeldarrek aitortu dute hasiera batean "bereizketarik gabe" egin zutela tiro, ez zirelako gai Hamaseko kideak eta zibilak ezberdintzeko. Eraso horien ondorioz, Hamaseko militante eta hildako israeldar zibil ugariren gorpuak guztiz kiskalduta agertu ziren. Gainera, txostenean frogatu dute Netanyahuk informazio hori isilpean mantendu nahi izan duela.

Kazetarien elkartasuna

Haaretz-eko editoreak hala erantzun dio mehatxuari: “Gobernuak Haaretz itxi nahi badu, orain da Haaretz irakurtzeko unea”.

Israelgo kazetarien sindikatuak ere elkartasuna adierazi dio Haaretz-i eta uste du “Komunikazio ministroak norabidea galdu duela. Egunkari horren aurka egin duen proposamen populistak ez du zentzurik” eta horren helburu bakarra herritarren artean jarraitzaileak irabaztea da, “hori bai, gerra jarraitzeko gau eta egun lanean ari diren kazetarien bizkar”. Haaretz-eko kazetariei sostengua helarazi die sindikatuak eta zera adierazi: “Espero dugu ez dutela amore emango Karhi ministroaren mehatxu ergelei eta hutsalei”.

Al Jazeera ere jo puntuan

Karhik idatzitako gutunean aipatzen da ere atzerriko komunikabideen aurka neurriak hartzeko atera berri den araudia. Ez du zehazki inongo hedabiderik aipatzen, baina Haaretz-i mehatxu egin dion moduan, Israelgo Gobernuak aspaldi du jo puntuan Qatarreko Al Jazeera telebista katea, eta behin baino gehiagotan adierazi du haren Tel Aviv-eko egoitza ixteko gogoa.

Neurri horien karira, Israelgo Segurtasun kabineteak Karhi-ri baimena eman dio Libanoko Al Mayadeen telebista katearen aurka neurriak hartzeko, hark ere Israelgo segurtasuna kaltetzen duelako eta Hezbollah erakundeari lotuta dagoelako. 

Mehatxu horien guztien testuinguru politikoa ere esanguratsua da. Likudeko Lehen Ministro Benjamin Netanyahu oso gainbeheran dago inkestetan urriaren 7ko Hamasen erasoak gertatu zirenetik. Gerra aldarrikapenak, gainera, ez du lortu egoera hori hobetzea. Bere gobernuko eskuin muturreko aliatuak, ordea, gero eta hobeto kokatuago daude eta Likud neurri ugari hartzen ari omen da egoerari buelta emateko, besteak beste, Karhi ministroak orain proposatutakoa.