argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela
  • Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.

Leire Artola Arin 2023ko uztailaren 19a
Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutuna bidali dio Mohamed VI.a erregeari, Marokok Mendebaldeko Sahararen gaineko burujabetza duela formalki aitortzeko. Argazkia: Haim Zach / GPO.

Marokoren eta Israelen arteko “harremanak sendotzeko” pausoa izan da astelehean bi estatuetako agintariek baieztatu dutena, Israelgo Kanpo ministro Eli Cohen-ek nabarmendu duenez. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Marokoko Mohamed VI.a erregeari helarazitako eskutitzean formalki aitortu du Marokok Mendebaldeko Sahararen gaineko kontrola duela.

Cohenek erabakia ospatu du eta azpimarratu “bakea eta lurraldeko egonkortasuna” areagotzen lagunduko duela. Marokoko agintariek espero dute erabaki honek sustatuko duela Israeletik inbertsio gehiago iristea.

Netanyahuk gutunean zehaztu duenez, Israelen posizioaren berri emango diete “Nazio Batuen Erakundeari, lurraldeko nahiz nazioarteko erakundeei, baita Israelek harreman diplomatikoak dituen estatu guztiei ere”. Israelgo Gobernuak iragarri du asmoa dutela kontsulatua irekitzeko Dakhla hirian, okupatutako Mendebaldeko Sahararen hegoaldean. Beste 28 estatuk, gehienak afrikarrak eta arabiarrak, kontsuletxeak dituzte Dakhlan eta Laayoune-n, Al Jazeera hedabideak gogorarazi duenez, eta Marokok ulertzen du hori dela lurralde horren gainean duen kontrola beste estatuek babesteko modua.

Marokoren okupazioari babesa

2020an hasi ziren estutzen Israelgo eta Marokoko agintarien arteko harremanak. AEBetako orduko presidente Donald Trumpekin egindako akordioan Marokok onartu zuen Israelekin “harremana normaltzea”, eta trukean, Trumpek aitortu zion Marokori Mendebaldeko Sahara bere menpe dagoela.

Bide beretik jo zuen Espainiako PSOEren gobernuak ere, 2022ko martxoan. Pedro Sánchez presidenteak Mohamed VI.a erregeari bidalitako gutunean onartu zuen Marokok 2007an Sahararentzat egindako autonomia proposamena, "erresumen arteko harremanak estutzeko" helburuz. Kritika andana jaso zuen, eta Aljeriako eta Txinako agintarien kontrakotasuna piztu zuen, besteak beste. Espainiak munduko herrialde gehienen eta nazioarteko legediaren aurkako erabakia hartu zuela leporatu zioten hainbat eragile eta aktibistek. Aintzat hartu behar da sahararrek ez dutela onartzen Marokoren proposamena, eta NBEk autodeterminazio-erreferenduma eskatzen duela “deskolonizatu gabe” dagoen lurraldearen gatazkari irtenbidea emateko.