argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak ateak ireki dizkie Gazako koloniei, Zisjordanian bezala
  • Zisjordanian bezala, Gazako lurretan ere asentamenduak ezartzea eta bertan finkatzea planteatu du Israelgo Gobernuko Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindarrak. Horretarako, aukera onena palestinarren “emigrazioa sustatzea” dela adierazi du.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 23a
Itamar Ben Gvir, Israelgo Gobernuko Segurtasun Nazionalerako ministroa. Wikimmedia Commons

Gazako Zerrendan asentamendu berriak ezartzeko aukera mahai gainean jarri du Itamar Ben Gvir ministroak, Nachala erakunde ultraeskuindarrak antolaturiko hitzaldi batean. 2005etik ez da halakorik gertatu.

Zehazki, hala esan du ministroak: “Nahi badugu, Gazako asentamenduak berrezarri ditzakegu”. “Zerbait gehiago ere egin dezakegu –gaineratu du–, [gazatarren] emigrazioa sustatu. Egia esan, hori da soluziorik etikoena eta zuzenena”. Gazako herritarren irteerak ez lukeela indarrez izan behar eta emigratzea “aukera gisa” planteatu beharko litzaiekeela uste du. “Israelgo lurra gurea da”, borobildu du hitzaldia.

Gazaren aurkako erasoak areagotzearen alde agertu da Ben Gvir, lurraldea erabat suntsitu arte.