argia.eus
INPRIMATU
Israelgo espioien buruak Hagako auzitegiko fiskala mehatxatu zuen guda krimenen auziagatik
Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 29a
Karim Khan fiskalak mehatxuak salatu ditu, Israelen partetik.

Israelgo atzerriko inteligentzia zerbitzua den Mossadek, ustez, mehatxatu egin zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiko (NZA) fiskala zen Fatou Bensouda, hainbat bilera sekretutan, The Guardian hedabideak jakinarazi duenez. sraelen aurkako gerra krimenen ikerketa bertan behera uzteko presioa egin zion fiskalari Mossadeko buru ohi Yossi Cohenek.

The Guardianen ikerketaren arabera, Israelek ia hamar urteko “gerra sekretua” egin du auzitegiaren aurka. Sionistek beren inteligentzia agentziak erabili dituzte NZAko langileak zelatatu eta presio egiteko, Israelen aurka egin ez zezaten. Israelgo inteligentzia zerbitzuek NZAko langileen komunikazioak atzeman zituzten, Bensoudarenak eta bere ondorengo Khanenak barne. Telefono deiak, mezuak, e-postak eta dokumentuak legez kanpo eskuratu zituzten, iturrien arabera. Duela hilabete gutxira arte iraun du gutxienez zelatatze horrek. The Guardianen esanetan, horri esker Netanyahuk aldez aurrez bazekizkien fiskalaren asmoak.

NZAko goi karguekin partekatutako iturrien arabera, Mossadeko buru ohiak Bensoudari mehatxu egin zion “lagundu beharko zeniguke, eta guk zainduko zaitugu. Ez duzu sartu nahi zure segurtasuna edo zure familiarena arriskuan jarriko duten gauzetan", esanez.

Fatou Bensouda fiskal ohiari presio egin zioten, 2021eko guda krimenen harira abian zuen ikerketa albo batera utz zezan.

Karim Khan fiskalak berak ohartarazi du “presio izugarriak” eta mehatxuak jasan dituztela Israelen eta AEBen aldetik, auzia uzteko. Atxilotze aginduak iragarri osteko egunetan jakinarazi zuen goi mailako agintari batek esan ziola auzitegia “Afrika eta Putin bezalako liskarzaleak” epaitzeko sortu zela, "ez Mendebaldeko potentziak eta beren aliatuen aurka egiteko".

Azkenean, atxiloketa aginduak guda krimenengatik

Joan den astean jakinarazi zuen Karim Khanek, Fatou Bensoudaren ondorengoak, Netanyahu eta Israelgo beste goi kargu batzuk atxilotzeko agindua emango zuela Hagako Auzitegiak. Agindu hori izan zen emaitza, baina ikerketa 2021ean hasi zuen Bensoudak, Palestinako lurralde okupatuetan Israelek egindako gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egon zitezkeela argudiatuta. Bensoudak ikerketa abiatu aurreko urteetan jasan zituen Mossaden presioak, The Guardianen arabera.

Al Jazeerak zabaldu duenez, agintari sionistek aspalditik zioten beldurra aukera horri, eta gauzatu dira atxiloketa aginduak azkenean, zalantzan badago ere zer eragin izango duten. Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politiken arduradunak esan du auzitegiaren kide diren estatuek ebazpenak betearazteko eginbeharra dutela.