Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) azken ohar batean jakinarazi duenez, palestinarren heriotza eragiten duten orain arteko lehergailu, gose, gaixotasun eta bestelako faktoreei beste bat gehitu zaie: hotza. Abenduaren hondarra hotza ari da izaten. Palestinako Wafa albiste-agentziak emandako datuen arabera, azken astean sei haur hil dira dagoeneko nagusiki hotzak eraginda.
Ospitaleak dira, besteak beste, hotzetik babesteko eremu. Baina lehergailuen pean dira baita azken orduotan ere. Osasun langileak eta medikuak jo puntuan ditu Israelek, OMEk makina bat bider seinalatu duenez.
Abenduaren 30ean CNNk baieztatu eta OMEk salatu duenaren arabera, Gaza iparraldeko Kamal Adwan ospitaleko zuzendari Hussam Abu Safiya atxilo harturik du Israelek, Sde Teman deituriko espetxe ankerrean, "Israelgo Guantanamo" gisa ezaguna denean. Giza eskubideen aldeko taldeek hainbatetan salatu dituzte torturak eta tratu txarrak, tratu iraingarriak, loa galarazteko mekanismoak eta jipoi krudelak.
Han dago atxiloturik Abu Safiya medikua. Bere familiak denbora zeraman senidea lokalizatu nahian, eta espetxe horretatik irten ahal izan duten bi preso palestinarrek emandako informazioaren arabera, susmo argiak dituzte bertan espetxeratu dutela Abu Safiya; batak ikusi eta bere ahotsa entzun du, eta beste lekukoak militarrak entzun ditu mediku palestinarrari buruz hizketan.
Ez da edonor Abu Safiya doktorea. Nazioartearentzat erreferente bihurtu da Israel Gaza suntsitzen ari den enegarren ahaleginean. Izan ere, Gaza iparraldeko ospitale handiaren zuzendaritzan egonik, erresistentzia lan handia egin du Israelgo armadak zentroaren aurka egindako erasoak salatzen. Jakinarazten zuenaren arabera, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurkako erasoak, tiroak eta sarekadak ia egunero egin dituzte. Joan den urrian, esaterako, Israelgo operazio militar batean, ospitaleko dozenaka kide atxilotu zituzten, eta Abu Safiya hainbat orduz galdekatu zuten; Tel Avivek medikuari leporatzen dio Hamasekin elkarlanean aritzea. Galdeketa hartatik egun gutxira, 21 urteko bere semea hil zuen Israelgo armada sionistak.