argia.eus
INPRIMATU
Israelgo enbaxadorea Gernikako Juntetxean hartu izana kritikatu dute
  • Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egin dio harrera Daniel Kutnerri. Komite Internazionalistek ordezkariari emandako ahotsa salatu dute, Israel "herrialde normal bat balitz bezala".

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 07a
Israelgo enbaxadoreari ohorezko aurreskua egin zioten astearteko harreran. (Argazkia: Bizkaiko BBNN)

“Fosforo txuriz Gaza setiatuta eta 300 haur palestinar kartzelan dituen herrialdeko enbaxadorea, non eta Gernikan paseatzen”. Honela salatu dute Komite Internazionalistek Daniel Kutner Israelek Espainian duen enbaxadoreari Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egindako harrera.

Ana Otaduik Gernikako Juntetxean jaso ditu Kutner enbaxadorea, Yinam Cohen eta Hagit Mualem. Ekonomia eta Kultura kontseilariak dira azken biak, hurrenez hurren. Eraikina bisitatu ostean, ohorezko liburua sinatuta amaitu da ekitaldia; ordura arte, liburuko azken sinadura Palestinako enbaxadorearena zen.

Ongi etorria kritikatu dute zenbait politikarik eta erakundek, hain justu, Israelek Palestinarekiko duen jarreragatik. Besteak beste, Dani Maeztu eta Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideek eta Komite Internazionalistek eta Askapenak arbuiatu dute Kutnerren bisita.

Donostian ere izan da

EH Bilduk jakinarazi duenez, Donostiako alkatearekin ere batzartu da Israelgo ordezkaria. Koalizio soberanistak Twitter bidez azaldu du “sekretupean” bildu direla Kutner eta Eneko Goia. Horrez gain, salatu dute “bilkura ez dela iragarri alkatearen agenda publikoan”. Bilera arbuiatzeko, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak Palestinako bandera jarri dute udaletxeko balkoian.