argia.eus
INPRIMATU
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak
  • Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko arriskua dagoela ohartarazi du Arabiar Ligak.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 24a

Beiruten “bonbardaketa selektiboa” egin duela azaldu du Israelgo Armadak ohar bidez, Eitb-k jaso duenez, ustezko helburu selektibo hori edo horiek zeintzuk diren zehaztu gabe. Bonbardaketek hainbat eraikin suntsitu dituzte. Oro har Libanon “1.500 azpiegitura terrorista” suntsitu dituela ziurtatu du armadak, eta erasoen helburua Hezbollah “akabatzea” dela, herritarrentzat “mehatxua” delako.

Israelgo Armadako buru Herzi Halevikek adierazpenak egin ditu. Israelek “ofentsiba areagotzeko” asmoa duela azaldu du, besteak beste. "Hezbollari ez zaio arnasarik eman behar. Erasoak areagotu egingo ditugu gaur. Egoerak etengabeko erasoa eskatzen du, fronte guztietan".

Astearte eguerdira arte gutxienez 558 hildako eta 1.835 zauritu eragin ditu Israelek Libanon, umeak tartean. “Gerraren erdigunea” Gazatik Libanora mugituko dela adierazi zuen Israelgo Defentsa ministroak asteburuan. Hezbollahk suziriak eta misilak jaurti ditu, baina ez du erasoaldi handirik egin momentuz.

Arabiar Liga, NBE eta Iran

Arabiar Ligak gerra “eskualde osora” zabaltzeko arriskua dagoela ohartarazi du, Berriak jaso duenez. Israeli leporatu dio Libanoren subiranotasuna urratzea, eta munduko potentziei eta NBEri eskatu die esku hartzeko. NBEa asteartean du batzar orokorra, hain zuzen ere. Irango Gobernuak estreinako aldiz hitz egin du Libanoren aurkako azken erasoa hasiz geroztik. Ziurtatu du ez dela geratuko “besoak gurutzaturik” Israelen erasoen aurrean, baina ez du neurri zehatzik iragarri.