argia.eus
INPRIMATU
Israelgo armadak sendagile palestinarrak torturatu izana salatu du Human Rights Watch erakundeak
  • Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera, urriaren 7tik uztailaren 8a bitartean gutienez 310 osasun-langile palestinar atxilotu ditu Israelgo armadak Gazan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko abuztuaren 29a
Israelgo armadak buruturiko atxiloketa masibo bat. Argazkia: Xn zabaldua.

Gazan lanean dabiltzan osasun-langileak atxilotzen eta torturatzen dabil Israelgo armada. Ondorio horretara heldu da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundea, atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta atxiloketen uneetan egondako beste zazpi lekukoren testigantzetatik abiaturik. Martxotik ekainera arte iraun du ikerketak eta abuztuaren 26an plazaratu dute txostena. Abuztuaren 13an bidali die txostena Israelgo armadari eta kartzela-zerbitzuei GKEk, baina ez du oraingoz erantzunik jaso.

Bortxaketak, umiliazioak, torturak, sexu erasoak... luzea da pairaturiko erasoen zerrenda. Hamas erakundearen parte direla adierazteko torturak izan direla irakurri daiteke lekukotasunetan. Atxiloketaren arrazoia jakin gabe, guztiek dute epealdi bat preso pasa: zazpi egunetik bost hilabetera arte.

Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera, urriaren 7tik uztailaren 8a bitartean gutienez 310 osasun-langile palestinar atxilotu ditu Israelgo armadak Gazan. Human Rights Watch-en txostena ez da osasun-langileek pairaturiko torturen berri ematen duen ikerketa bakarra. Healthcare Workers Watch-Palestine GKEak edota UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ere bildu eta plazaratu izan dituzte ondorio bera dakarten testigantzak.

Osasun-krisiari ezin aurre eginez

Osasun arloko profesionalei bideraturiko tratu txarrek osasun krisia areagotzen dutela salatu du Human Rights Watchek. Datu ofizialen arabera,  urriaren 7az geroztik 92.000 pertsona baino gehiago zauritu ditu Israelek Gazan, eta oraindik martxan dauden ospitaleek 1.500 ohe baino gutxiago dituzte. Gazako 36 ospitaleetarik hogei itxita dira OME Osasunaren Mundu Erakundearen kontaketaren arabera, eta besteak baldintza oso txarretan eta eskasetan dabiltza kolpatuen artatzen. Mugarik Gabeko Medikuak dabiltza anarteko ospitaleak irekitzen, baina ez dute nahikoa beharrari erantzuteko: "Aldi baterako egiturek, hala nola kanpaina-ospitaleek, ez dute gaitasunik laguntza kirurgikoen eskaintzeko, ezta egoera kritikoan edo iraupen luzeko gaixotasunak dituztenen sendatzeko behar diren baliabideak eskaintzeko ere", OMEren arabera.

Gazan dabiltza blokeaturik, artatu ezinean, eta OMEren datuei segi, ebakuazio medikoa eskatu duten 14.000 palestinarren %35ari bakarrik onartu dio Israelek Gazatik ateratzeko prozedura.