argia.eus
INPRIMATU
Israelgo armadak Gazako zerrenda bonbardatu du berriz
  • Israelek Gazako Zerrendari eraso egin dio berriro asteartean. Ustez Hamasek jaurtitako suziri bat eta lurrazpiko tunel bat aurkitu izana erabili dituzte bonbardaketa berria justifikatzeko aitzakia gisa.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 21
Erasoaren ostean egindako argazki honetan, Deir al-Balah erdigunean bonbardaketak eragindako sua ikus daiteke.

Israelgo armadak Gazako Zerrendari eraso egin dio berriro astearte honetan, zenbait egunez bonbardaketak etenda egon ostean, su-eten posible baten zurrumurruen artean. Bonbardaketa berri honen ondoren Israelgo armadak adierazi duenez, Hamasen posizioei egin die eraso, talde honek jaurtitako suziri bati erantzunez, baita Israelgo lurraldean dozenaka metro sartzen zen tunel bati –"zibilak izutzeko saiakera" gisa deskribatu du Israelek tunel hori–.

"Gazatik Israelera jaurtitako suziriari erantzunez, gure hegazkinetako batek Hamaseko lurpeko azpiegitura bat harrapatu du", adierazi du Hedi Zilberman Israelgo armadako bozeramaileak. Bonbardaketa baino bi ordu lehenago, Israelgo armadak jakinarazia zuen Gazatik estatu sionistaren esku dauden lurretara sartzeko "tunel terrorista" bat aurkitu zutela Zerrendaren hegoaldean, Jan Yunis inguruan. Tunelak ez duela lurrazpiko hesia zeharkatu eta ez inguruko herririk arriskuan jarri ere gaineratu du Zilbermanek.

Halaber, azpimarratu du agintariak ikertzen ari dira zein talde egon den tunelaren eraikuntzaren atzean, baina, ohi bezala, Hamasi leporatu dio ekintza hori: "Datozen egunetan lanean jarraituko dugu, Israelen subiranotasuna nabarmen hausten duen tunela indargabetzeko".