argia.eus
INPRIMATU
Israelgo armadak Gazako hainbat lekutan egin du eraso
  • Gaur goizaldean Israelgo Armadak beste eraso bat egin du Gazako Zerrendaren eta Rafah hiriko bidegurutzearen aurka, eta hiru lagun zauritu dira (horietako bi haurrak dira) Haaretz Israelgo egunkariak azaldu duenez. Israelgo Armadak baieztatu du bere operazioa igande goizean Gazako Zerrendatik egindako kohete jaurtiketen erantzuna izan dela.

2012ko irailaren 10a

Israelgo Armadak helikopteroetatik Gaza ekialdean dauden eraikinen kontra tirokatu du eta aldi berean israeldar abiazioak Rafah hiriko bidegurutzea zeharkatzen duten tunelen kontra bonbardatu du, Israelgo Armadaren irratiak eta Palestinako Maan agentziak adierazi dutenez. Bonbardaketan hiru lagun zauritu dira eta horietatik bi haurrak ziren.

Israelgo armadak adierazi du operazioa igandean Gazako Zerrendatik egindako kohete jaurtiketen erantzuna izan dela. Beersheba eta Netivot herrien aurka egindako erasoan zazpi lagun zauritu ziren Israelgo The Terusalem Post egunkariaren arabera. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ohartarazi zuen igandean bertan kohete jaurtiketei erantzun egingo ziola Israelek. “Terroristei esan nahi diet ezin dituztela Israelen aurkako koheteak jaurti inolako zigorgabetasunik gabe”.

Israelgo Armadak azken egunetan palestinarren aurka egin duen hirugarren erasoa izan da gaur goizekoa. Pasa den asteazkenean Israelgo abiazioak palestinar milizianoen ustezko kuartel bat bonbardatu zuen eta hiru lagun hil zituzten. Ostegunean ustezko hiru miliziano gehiago hil zituen Israelgo Armadak.