Israelen erasoak hasi zirenetik, Gazako Osasun Ministerioaren esanetan gutxienez 69 pertsona hil dituzte, 17 haur barne. 390 pertsona baino gehiago zauritu dira.
AlJazeera hedabideak jakinarazi duenez, Israelgo armadaren hegazkinek garaiera handiko eraikinei eraso egin diete Gazan. Palestinarrek Eid al-Fitr erlijio-eguna ospatzen dute maiatzaren 13an; aire-bonbardaketa gupidagabearekin esnatu dira.
Jonathan Conricus Israelgo armadaren bozeramaileak adierazi du, Gazaren aurkako erasoek aurrera egingo dutela, eta Israel, berriz, “agertoki askotarako” prestatzen ari dela. Bestetik, Benny Gantz Israelgo Denfentsa ministroak esan du operazio militarrak ez duela “amaiera datarik”. “Gazan etxe orratzak erortzen ari dira, enpresak suntsitzen, tunelak desagertzen, eta buruzagi militarrak hiltzen. Bonbardatzen jarraituko dugu, eta, gero, isiltasuna helduko da luzerako”, adierazi du defentsa ministroak.
Israelen mehatxuen aurrean Hamas ez da isilik geratu, eta Ismail Haniya buruzagiak adierazi du: “Israelek egoera gogortu nahi badu, horretarako prest gaude, eta gelditu nahi badu ere, prest gaude”.
Israelek Gazaren aurkako 500 bonbardaketa egin dituzte jada eta lurreko erasoak prestatzen ari dira. NBEren Segurtasun Kontseilua maiatzaren 12an elkartu zen berriz ere baina ezin izan zuten tentsioa baretzeko eskatzeko adierazpen bateraturik atera, AEBak aurka agertu direlako.
Bonbardaketetan Reema Saad kazetaria hil dute, senarra eta bi seme alabekin batera. Reema haurdun zegoen:
#Palestine: Our sources on the ground confirmed the killing of journalist #ReemaSaad, her two children & husband during the Israeli bombardment last night. Reema was 4 months pregnant. #CFWIJ is appalled at the actions of the @IDF & urges global community to ensure a ceasefire! pic.twitter.com/j2j2Llc84r
— #WomenInJournalism (@CFWIJ) May 12, 2021