argia.eus
INPRIMATU
Anibal direktiba
Urriaren 7an Israelgo Armadak bere soldaduak eta zibilak ere hil zituen, ‘Haaretz’-en arabera
  • Israelgo egunkari Haaretz-ek hilabeteetako ikerketa egin du Israelgo Armadak iragan urriaren 7an Hamaseko erasoari nola erantzun zion aztertzeko. Armadako soldadu eta ofizial ugarirekin hitz egin du eta ondorioa argia da: Israelek Anibal direktiba indarrean jarri zuen, aurretik ahots ugarik esaten zuten bezala.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 11

Erasoaren ondorengo asteetan ere azaleratu zen kontu hori. Orduko ikerketa batek azaldu zuen Hamaseko milizianoei helikopteroetatik tiro egin zitzaiela, baina eraso horietan Israeldar zibilak ere hil zituztela. Orain, Haaretz-en ikerketak datu gehiagorekin berresten du Israelgo Armadako agintariek Anibal direktiba indarrean jarri zutela. Direktiba honen arabera, soldaduak etsaiaren eskuetan gatibu erortzea eta xantaia egitea saihesteko, soldadu bahituak dauden tokiei eraso egitea baimentzen da, baita horrek soldaduen bizitza arriskuan jartzen badu ere.

Urriaren 7an 1.139 pertsona hil zituzten Hamaseko erasoan eta 250 bahitu hartu. Ikerketen arabera, dena den, hildako horietako hainbat soldadu eta zibil israeldar Israelgo Armadak eragin zituen. Hamasek erasoari ekin eta handik bost ordura, 11:22etan zehatz-mehatz, Gazako Dibisioak honako agindua jaso zuen: ibilgailu bakarra ere ezin da Gazara iritsi.

“Denek zekiten orduan ibilgailu horietan eraman zitzaketela zibilak edo soldaduak, eta denek zekiten zer esan nahi zuen Gazara itzultzeko galarazte horrek”, azaldu dio Haaretz-i iturri militar batek. Egunkarian azaltzen denez, hala ere, ez da ezagutzen Israelgo armadak horren ondorioz heriotzarik eragin zuen ala ez.

Argiago dago Armadak hiru gune militarretan erabili zuela Anibal protokoloa, horien artean Hamasek eraso egindako Reim basea, non baziren Gazako Dibisioko kuartel nagusia eta Nahal Oz kuartel aurreratua. 10:19an drone israeldar batek eraso egin zion baseari, baina aldez aurretik basekoak erasoaz ohartarazi zituzten eta jakinarazi zitzaien berehalakoan soldaduak sartuko zirela eta ez ateratzeko ziren tokietatik. Ez dakite, dena den, haien erasoaren ondorioz israeldarrik hil zuten, baina gune horietan, Hamaseko kideez gain, militar israeldarrak ere baziren.

Ikerketan zehazten denez, Gaza eta Israel arteko Erez muga guneari eraso egiteko drone bat bidali zuten 7:15etan, besteak beste, israeldar baten balizko bahiketa bati erantzuteko. Beste kibutz batzuetara armada lurrez iritsi zen ordea, eta horietan posible da Anibal direktiba agindu izana. Horietako bat da Beeriko kibutza. Herri horretan, Hamasek hamalau pertsona bahitu zituen Pessi Cohen herritarraren etxean, eta badirudi horietako hamahiru Israelgo tanke batetik jaurtitako tiroarekin hil zituztela.

Anibal doktrina 1986an sortu ei zen, Hezbollah-k Israelgo hiru soldadu bahitu ondoren, baina iluntasunez inguratutako gaia da, besteak beste inoiz ez delako haren testua osorik argitara eman. Esaten da, halaber, Israelgo Armadako Estatu Gorenaren buruzagi Gadi Ezenkot-ek bertan behera utzi zuela 2016an.