argia.eus
INPRIMATU
Israelgo frankotiratzaile batek Al Jazeerako kazetari beterano bat hil du, burura tiro eginda
  • 51 urteko Shereen Abu Akleh kazetari palestinarra hil du Israelgo armadak asteazken goizean, Jenin hiri okupatuan egiten ari zen operazio militarraren berri ematen ari zela. Buruan jo dute tiroz. Al Jazeerak Israelgo armadari egotzi dio berariaz hil izana kazetaria.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko maiatzaren 11
Shereen Abu Akleh kazetaria hil du Israelgo armadak.

Heriotzaren inguruabarrak ez daude oso argi, baina –argitaratuko ez dugun– bideo batean ikus daiteke buruan tiroa jaso duela. "Oraingoz dakiguna da Palestinako Osasun ministroak jakinarazi duela hilda dagoela", jaso dute Al Jazeeran bertan.

Abu Akleh Bigarren Intifada garaian hasi zen Al Jazeeran lanean, eta sare sozialetan palestinar askok nabarmendu du kazetari erreferenteetako bat zela, "palestinarren ahotsa" zela.

Asteazken goizean beste palestinar kazetari bat ere zauritu dute tiroz, Osasun ministroak esan duenez: Ali Samoudi. Honek egoitza nagusia Jerusalemen duen Quds egunkarian egiten du lan eta bere osasun egoera egonkor dago.

Bertan ziren kazetariek eman dute testigantza zuzena. Goizaldeko 6:30ean, kazetariz beteriko furgoneta bat joan da Jeninera. Bazekiten Israelgo armadak operazio bat egingo zuela bertan. Heldu direnerako hainbat teilatutan frankotiratzaile israeldarrak zeuden lekua hartuta. Abu Akleh autotik atera denean PRESS zioen txalekoarekin, berehala tiro egin diote burura eta belarri ondoan jo diote.

Al Jazeerak Ramallah-n duen bulego-buruak, Walid al-Omary-k, esan du beren informazioen arabera armada israeldarra operazioa egiten ari zela Jeninen eta palestinarren aldetik ez dela tirorik izan hauen aurka. Israelgo militarrek, justu kontrakoa adierazi dute: tiro egin eta lehergailuak bota dizkietela eta beraiek ez direla hasi tiro egiten, "erantzun" egin dutela. Hala ere, gehitu du "gertaera ikertzen" ari direla.

Palestinarrak beren samina adierazten ari dira sare sozialetan. Adibidez, Erresuma Batuko enbaxadore palestinar Husam Zomlot-ek ondorengoa idatzi du:

"Israelgo okupazio indarrek hainbeste maite genuen Shireen Abu Akleh kazetaria erail dute gaur goizean, beren bortizkeriaren berri ematen ari zela. Shireen Palestinako kazetaririk onenetakoa eta lagun mina zen".