argia.eus
INPRIMATU
Israelgo armadak 34 adin txikiko palestinar hil ditu aurten
  • Iazko zifrak gainditzear, azken hamabost urteotako hilketa kopururik altuena izan daiteke 2023an, Human Rights Watch (HRW) erakundeak jakinarazi duenez. Abuztuaren 22ra bitartean gutxienez 34 adin txikiko hil dituzte israeldar soldadu eta poliziek Zisjordanian. Uniformedunen "inpunitate sistematikoa" salatu du HRW erakundeak.

     

     

ARGIA @argia 2023ko abuztuaren 29a
Kasu ia guztietan, Israeleko soldaduek erantzukizunik hartu beharrik ez dutela salatu du HRWk / Argazkia: WADA

Orotara 186 palestinar hil dituzte aurten Israelgo indar armatuek Zisjordanian, horietatik 34 adin txikikoak.

"Israeldar soldaduak geroz eta maiztasun handiagoarekin ari dira tiroz hiltzen okupaziopean bizi diren ume palestinarrak", salatu du HRWk, eta "Israelen aliatuei, bereziki AEBei" eskatu die hura presionatzeko, "ume gehiago hilko direlako bestela". Hainbat gazteren hilketen inguruko datuak jaso ditu erakundeak txostenean, eta nabarmendu duenez, gertaera horiek ez dute soldaduen aurkako prozesu judizialik abiarazten.

Halaber, NBEko idazkari nagusiari eskatu dio Israeleko indar armatuak sartzeko umeen aurkako indarkeria kasu larriak jasotzen dituen urteroko txostenean.