argia.eus
INPRIMATU
“Israelen independentzia ospatzeko” Reebokek egin nahi zituen zapatilen ekoizpena bertan behera
Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 12a
Reebok nazioarteko enpresak bertan behera utzi du Israelen "Independentzia Eguna" –izen horrekin izendatu zuten israeldarrek– ospatzeko zapatilak egiteko asmoa.

"Reebokek ez du zerikusirik oinetakoarekin", adierazi dio konpainiak Intifada Elektronikoari e-mail bidez. "Oinetako hori egitearen ideia gure bezero baten ekimena izan zen. Ez dugu kanpaina horrekin bat egiten", azaldu du. 

Reebok Alemaniako Adidas taldearen menpe dago eta adierazi du Israelen duen banatzaileak baztertu egin duela ekimen hori. 

"Rebookek uko egin dio kanpaina iraingarri hori egiteari. Onartu egin du zapatilaren aurkako boikot kanpaina batek kalte egingo liokeela enpresaren ospeari eta finantza egoerari", adierazi du Abdulrahman Abunahel Palestinako BDS Nazioarteko Batzordeko Gazako koordinatzaileak. 

Abunahelen esanetan, Veolia, Orange, CRH eta beste hainbat enpresa handik utzi egin diote Israel nazioarteko zuzenbidean egiten ari den lege hausteak babesteari, jasan dituzten boikot kanpain, isun eta likidazioen ondorioz. "Horrek domino efektua eragin du, beste enpresa batzuek oso serio hartu dutena".

Garbiketa etnikoarekiko axolagabekeria

Reebok enpresaren asmoak haserre handia eragin du sare sozialetan. Erabiltzaile askok eskatu dute konpainiaren produktuen boikota eta palestinarren eskubideen alde borroka ari diren hainbat elkartek ere zabaldu dute albistea. 

Reeboken Israelgo ordezkaritzak The Jerusalem Post egunkariari adierazi zion zapatila horiek ospakizun moduan erabiltzeko asmoa zutela Israelen eta mundu guztian. 

Abunahelek salatu du zapatila hori ekoizteak argi uzten duela Palestina azken urteetan jasaten ari den garbiketa etnikoarekiko, giza eskubideen urraketekiko, eta Israeleko okupazioarekiko duten axolagabekeria eta gutxiespena. 

"Rebookek palestinarrak mindu ditu, 1948ko Nakbak iraun bitartean milizia sionistek etnikoki garbitu zituzten milaka errefuxiatu palestinarrak, batez ere. Israelgo apartheidak ukatu egin die etxera bueltatzeko eskubidea", adierazi du Abunahelek. 

"Palestinaren suntsipena onartzea –Reebokek egin duen moduan– konpainia batek egin dezakeen ekintzarik arduragabeena, immoralena eta bihozgabeena da", gehitu du Palestinako ekintzaileak.