Larunbatetik iganderako gauean, Israelgo armadak gutxienez ehun hegazkin erabili zituen Libano hegoaldea bonbardatzeko. Israelen arabera "prebentziozko erasoa" izan zen, antza, Hezbollah Israel erasotzera zihoala zioen "informazioa" zutelako.
Uztailaren 30ean, Hezbollah talde militar xiitako komandante Fuad Shukr hil zuen Israelek bonbardaketa batzuen eraginez. Horri "erantzuna" emango ziola hitzeman zuen Hezbollahk, eta Israelek esan "zain" egongo zela.
Bada, Israelgo Gobernuak adierazi eta Mendebaldeko hedabideek jaso dutenaren arabera, larunbatetik iganderako goizaldean Israelgo inteligentzia zerbitzuek "abisua" jaso zuten Hezbollahk erasoari ekingo ziola. Beraz, Israelen esanetan, "prebentziozko erasoa" izan da beraiena. Gutxienez Libanoko hiru zibil hil ditu Israelek eraso horietan.
Hezbollahk gerora esan du 320 kohete eta drone jaurti dituela Israelgo hamar bat postu militarren aurka, eta "hasteko modu bat" baino ez dela, nolabait ere iradokiz mendekua eta eraso bortitzagoak etorriko direla Shukr komandantea hiltzeagatik. Hamasek, bere aldetik, Hezbollah zoriondu du Israelen aurkako "eraso indartsuagatik". Honela adierazi du ohar bidez: "Erakunde sionista sakon kolpatu du Hezbollahren erasoak. Zaplazteko bat izan da gobernu (israeldar) faxistari, eta mezu bat, zera esanez, bere terrorismoa eta herri palestinar eta libanoarraren aurkako krimenak ez direla erantzunik gabe geratuko".
Itxura guztien arabera, lehen erasoaldi horri aurre hartu ahal izan dio Israelek, baina Hezbollahren beldur, larrialdi egoera ezarri du Israelgo Gobernuak. "Min egiten digunari, min handiagoa egingo diogu", esan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.
2006az geroztik, Libanoren eta Israelen artean ez da horrelako erasoaldi-truke bortitzik jazo. Orduko hartan, mila libanoar baino gehiago hil zituen Israelek.
Su-etenerako negoziazioak, ezerezean
Kairon (Egipto) egon dira batzartuta Hamaseko eta Israeleko ordezkariak azken egunotan, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzarekin, baina hanka egin dute handik igandean, akordiorik itxi gabe. Uztailaren 2an erdi-adostutakoari forma emateko eskatu zion Hamasek Israeli, alegia, su-eten iraunkorra, Israelgo tropek Gazako Zerrenda uztea, preso-trukea eta palestinar desplazatuei haien etxeetara itzulera bermatzea, suntsitutako inguruneak berreraikitzen laguntzeko konpromisoa hartuta. Horixe zen, hein batean, AEBen proposamena eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak jasotzen zuena.
Netanyahuk ez du halakorik onartu nahi, momentuz bederen. Are gutxiago Hezbollahren aurrean duen jarrera ikusita. Hezbollahrekin asteburuan izandako erasoaldi-trukeak eragina izan du su-etenaren negoziaketa horietan. AEBek soilik esan dute "positiboa" izan dela; bi alde protagonistek, baina, ez dute hitzik egin. Antza, Gazako Zerrendatik ez, baina litekeena da Filadelfiako Korridoretik armadaren presentzia gutxitzea Israelek; horixe esan du, besteak beste, NBC telebista estatubatuarrak.