argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Israelen estrategian arrakalak handituz doaz

Gorka Menendez 2024ko maiatzaren 23a
Argazkia: Jack Guez.

Azken egunotan Israelgo Armada Jabaliako errefuxiatu kanpamentuan sartu da, Gaza iparraldean. Bertan bonbardaketak areagotzeaz gain, lurreko operazioa ere martxan jarri du eta zenbait etxe eta ospitale hustu ditu. Gaza hegoaldean kokatutako Rafah hirian operazio militarra abiatzeko den honetan, iparraldeko eremuetara berriro ere sartzera behartuta ikusi du bere burua. Nahiz eta apirila hasieran bertatik erretiratu, Hamas antolakundea “erauzita” zegoela ziurtatuta.

Rafahko operazioak eragin zezakeen sarraskiagatik presio internazional handia jasaten ari da Netanyahuren gobernua, eta balizko su-eten bat lortzeko elkarrizketak tarteko direla, impass moduko batean dago egoera. Testuinguru horretan, badirudi Palestinar Erresistentzia bere burua birsortzeko gaitasuna erakusten ari dela. Behintzat, ez dela erabat “erauzia” izan Israelgo Armadak amaitutzat zituen eremuetan.

Horrek guztiak arazoak handitu besterik ez ditu egiten Netanyahurentzat, bai maila internazionalean zein barne mailan. Orain arte estrategia argia izan da: bide militarrari eutsi eta Erresistentzia Palestinarra erabat deuseztatu. Kostu handikoa, zalantzarik gabe (ekonomikoki, diplomatikoki, militarki…), baina bere logikan justifikatua, eraginkorra izango zelakoan. Kontua da 35.000 hildakoren ostean, Gazako azken hiri nagusia hartu ezinik dabiltzala eta ustez hartuta zituztenetan berriro ere operazio militarrak aktibatu beharrean ikusten dutela beraien burua. Helburu militar minimoak ere erdietsik ezinik, noraeza gero eta nabarmenagoa da. Libano hegoaldetik ere, Hezbollah-k ez du presioa murrizten, kontrara, astiro-astiro gehiago estutuz doa.

Egoera horren aurrean, eta iturri ezberdinen arabera, badirudi AEBak, Israelen aliatu nagusia, pazientzia galtzen hasia dela. Biden presidentearen alderdi demokrataren barruan presioa handituz doa eta protestak hiri eta unibertsitateetatik hedatuz doaz. AEBetan gero eta hurbilago daude hauteskunde presidentzialak eta gai hori agendatik desagerraraztea komeni zaio Bideni ahalik eta lasterren. Israelen, barne mailan ere, presioak gora egiten jarraituko du, bahituen arrastorik ez baitago, Hamasen buruzagitza bere horretan mantentzen da eta israeldar militarren gorpuak pilatuz doaz gorputegietan. Ezin asmatu norantz joko duen dagoeneko XXI. mendeko genozidio handiena bilakatu denak, baina gauza bat argi dago: Israelen estrategian arrakalak gero eta nabariagoak dira.