Zisjordanian azken 20 urteetan egindako eraso militarrik handiena egin du Israelgo Armadak, airez eta lurrez, Jeningo errefuxiatu kanpalekuan. Gutxienez hamar palestinar hil eta hamarnaka zauritu dituzte, Israelen arabera “talde terrorista baten” aurkako erasoan. Jenin gerra eremu bilakatu dutela salatu dute palestinarrek.
2000ko Bigarren Intifadaz geroztik errepikatu ez den tamainako operazio militarra abiatu du Israelek Zisjordaniako eremu okupatuan, Jenin hirian, hain zuzen. Hiriko errefuxiatu kanpalekuan egin dute eraso astelehenean, eta gutxienez hamar palestinar hil eta 100 zauritu dituzte –horietatik 20 larri–, Palestinako Osasun Ministerioak zehaztu duenez, The Guardianen arabera. Israelen erasoetatik ihesi joan dira kanpalekutik gutxienez 3.000 palestinar, eta gehiago izango direla aurreikusi du Kamal Abu al-Roub Jeningo gobernu ordezkariak; horren esanetan, eskolak eta aterpeak prestatzen ari dira eurentzat.
Drone bidezko erasoak egin dituzte, eta tiroketek luze iraun dute. Mila soldadu baino gehiagoko eta ehunka tropako operazio militarra izan dela jakinarazi dute Israelgo Defentsa Indarrek. Israelen esanetan, operazioa “hiriko eta Jeningo errefuxiatu kanpalekuko terrorismoaren” aurka egiteko izan da.
Operazioa gerra krimena izan dela salatu dute palestinarrek, eta Jihad Islamikoak ohartarazi du “aurre egiteko” prest daudela, eta “sendotasunaren ikur” izango dela Jenin berriro ere. Palestinako paramediko Khaled Alahmad-ek The Guardiani azaldu dionez, Jeningo errefuxiatu kanpalekuko egoera “benetako gerra da”: “Kanpalekua xede duten aire bideko erasoak ari dira erortzen. Bost-zazpi anbulantziarekin joaten gara, eta bidaia bakoitzean zaurituz beteta itzultzen gara”.
Kanpalekua 1950eko hamarkadan egin zuten, eta egun 18.000 palestinar inguru bizi dira. Jeningo kanpalekua palestinarren erresistentzia armatuarekin lotu izan da urteetan, Israelek “terrorismo” gisa izendatu ohi duena.
Asteazkenerako mobilizaziora deitu du Euskal Herriko BDZ (Israeli boikot, desinbertsioak eta zigorrak) taldeak, 19:30ean Bilboko Areatzan. Stop sarraskia Palestinan leloa izango du protestak, eta Israel “estatu terrorista” dela salatuko dute.