argia.eus
INPRIMATU
Israelekin negozioak eteteko eskatu diote Azkoitiko Juaristi Milling Boring enpresari
  • Armagintzari loturiko makinaria ekoizten eta merkaturatzen du enpresak eta bere bezeroen artean Israel dagoela salatu du Elkar-ekin taldeak. Hala, Israeli boikot dinamikaren bidetik enpresako sarrerak blokatu dituzte igandean.

Axier Lopez @axierL 2024ko urtarrilaren 22a
Argazkiak: Elkar-ekin

Azkoitiko Juaristi Milling Boring enpresak hainbat arlotan egiten du lan: energia, aeronautika, eraikuntza eta defentsa, beste batzuen artean. Gerraren arloari dagokionez, defentsa ibilgailu astunentzako materialak sortzen dituztela diote, tartean tankeentzat, itsaspekoak, fragatak eta hegazkin-ontzientzat.

Negozioak erakunde sionistarekin

Enpresak webgunean aditzera ematen dutenez, Europa, Afrika, Asia, Amerika eta Australiako 40 herrialdetara iristen dira enpresaren negozioak. Eta bezero horien artean Israel agertzen da. Entitate sionistari dagokion merkatua NCM konpainiaren bidez –bera ere armagintzari loturikoa– bideratzen dutela diote.

Enpresaren erantzukizun soziala eta kode etikoa

Elkar-ekin taldeak azpimarratu duenez, jarduera etikorako kode propioa dauka Juaristi enpresak. Enpresak bere buruaz dio "konprometitua", "justua", "arduratsua" eta "zintzoa" dela. 2018. urtetik Azpeitiko Iraurgi saskibaloi taldearen babesle nagusia da enpresa. Horrez gain, haurtzaroaren babeserako AVAIM erakundea diruz laguntzen dutela esplikatzen dute. Besteak beste, "lurralde arriskuan" dauden umeak babesteko 3.000 euro bildu dituztela diote.

Elkar-ekinen salaketa

Igande arratsaldez, enpresa horrek Azkoitian duen eraikineko bi sarrera itxi zituzten paleak erabilita, eta armagintzaren aurkako eta Israeli boikota egiteko mezuak jarri zituzten. Ekimenaren bitartez, enpresako arduradunei eskaera argia egin nahi izan dietela zabaldu dute: armagintzari uko egin eta Israelekin dituzten merkataritza harremanak eten.

Ondorengoa ere azpimarratu du Elkar-ekinek: "Hemengo enpresek egiten dutenaz hitz egitea deserosoa zaigu, baina ez du balio Gazara hunkituta begiratzeak hemen egiten dugunaren aurrean begiak itxiz geroz. Gerrak eta genozidioak hemen ere hasten dira, eta ardurak dituzten enpresak eta erakundeak seinalatu behar direla uste dugu: bereziki armagintzaren sektorean inplikazioak dituzten horiek".

Elkartasuna erakustetik harago, urrats berriak emateko garaia dela diote Elkar-ekineko lagunek, tartean Israelen aurkako boikota indartzekoa.