argia.eus
INPRIMATU
Israelek zortzi zibil hil ditu Libanon azken bi egunetan
  • Horietatik hiru haur siriarrak ziren, eta haien etxearen kanpoaldean jolasean zeudela hil dituzte, NBEak gaitzetsi duenez. Hezbollahk mehatxu egin du Israelgo zonalde berriei eraso egingo diela, Israelek azken egunetan Libanon egindako hilketen ondoren.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 18a

Armada sionistaren bonbardaketek bost siriar eta bi libanoar hil dituzte Libanon, horietako hiru haurrak, Al Jazeerak jaso duenez. Libano hegoaldeko nekazari herrixka batean hil dituzte hiru haurrak, beren etxearen kanpoaldean jolasten ari zirenean, Libanoko berri agentzia publikoaren esanetan. Bi zibil siriar ere hil dituzte, “igerilekutik itzultzen ari zirela”. Jendea laguntzera hurbiltzean, bigarren bonba bat jaurti du bertan Israelek, lekukoen arabera. Sionistek zortzi zibil hil dituzte azken egunetan Libanon, 550 pertsona guztira Gazako genozidioa hasi zenetik.

Israelek Hezbollahren aurkako eraso gisa argudiatu ditu bonbardaketok. Milaka bonba jaurti ditu jada azken hilabeteetan. Libanoko talde armatuak suziri eta misil ugari jaurti ditu Israelgo mugaz bestaldera, Gazako genozidioa jasaten ari diren palestinarrekiko elkartasunez. Eskualde mailako gerra piztearen beldurra areagotzen ari da zonaldean.

Libanoko Gatazka Armatuen Behatokiak argitaratutako datuen arabera, 7.400 erasotik gora izan dira Israel eta Libanoko mugan zehar, joan den urritik hona. Erasoen %83, 6.000tik gora, Israelek botatako bonbak dira. Ia 550 pertsona hil dituzte Libano hegoaldeko herrixketan, eta herrixka ugari suntsitu dituztela salatu dute tokiko erakundeek. Hezbollahk eta Libanoko beste talde armatuek 1.200 ekintza inguru egin dituzte hilabeteotan, suziri, misil eta drone eraso artean, eta 21 israeldar hil dituzte.

Orain arte, erasoak bi herrialdeen arteko mugaren inguruetan izan dira, gehienbat. Hezbollah “ustekabeko” gaitasun militarra erakutsi du, hala ere, Israelgo segurtasun zerbitzuek ere onartu duten moduan. Nahiz eta Israelgo aire defentsa sistemak lortu duen milizia txiitaren eraso gehienak geldiaraztea, Hezbollahk frogatu du Israelen mugak gainditzeko gaitasuna duela. Esaterako, Israel iparraldeko Haifa hirian eta sionistek Siriari kendutako Golango gainetan drone bidez grabatutako irudiak argitaratu zituen Hezbollahk ekainean, mehatxu gisa. 2006. urtetik ez daude ofizialki gerran Hezbollah eta Israel, baina tentsioa gora egiten ari da.

Hezbollahk Israelgo helburu militar berriak mehatxatu ditu

Hezbollahk ohartarazpena bidali dio Israeli, esanez suzirientzako “jo puntu berriak” bilatuko dituela zibilei eraso egiten jarraitzen badiete. Hassan Nasrallah Libanoko miliziaren buruak esan zituen hitzok Libanoko telebistan. Iranekin lotutako taldearen eta AEBen babesa duten sionisten arteko gerra hotsetan pauso bat gehiago eman dute adierazpenok, Israelen azken erasoekin batera. “Zibilei eraso egiten segituz gero Erresistentzia behartuko duzue orain arte kolpatu gabeko kokalekuei eraso egitera”.