Igande gaueko bonbardaketan gutxienez hamar palestinar hil dituzte, horien artean Hamaseko adar armatu Ezzedin al-Qassam Brigadetako sei kide. Israelgo armadaren esanetan erasoa “Israelgo hegoaldearen kontra izandako kohete-erasoei” erantzuna izan da.
Israelgo armadak esan duenez, igandean 25 kohete jaurti dira Gazako zerrendatik Israelgo hegoaldearen kontra. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du Gobernuaren lehentasuna bertan “lasaitasuna berrezartzea” dela momentu honetan.
Netanyahuren esanetan, ekintza eta eraso guztien helburua “bakea eta israeldar guztien segurtasuna berrezartzea” da, batez ere hegoaldean. Gazaren kontrako eraso handiagoak egitea baztertu du; momentu honetan “arduraz” jokatu behar dutela adieraziz.
Tentsioa Jerusalemen
Azken egunetan istiluak izan dira Jerusalemen palestinarrekin eta arabiar-israeldarrekin Mohamed Abu Jedeir gazte palestinarraren hilketaren ondorioz. Igandean Israelgo segurtasun-indarrek sei pertsona atxilotu dituzte gaztea bahitzea eta hiltzea leporatuta.