argia.eus
INPRIMATU
Israelek Zisjordaniaren zati bat bereganatuko duela dio Netanyahuk
  • Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk igandean adierazi zuen, okupatutako Zisjordaniaren zatiak Israelgo Estatuaren menpe jartzeko konfiantza duela bi hilabeteko epean. AEBetako talde ebanjeliko batentzat grabatutako mezu batean egin ditu adierazpenak.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 29a
Israelgo lehen ministroa Zisjordaniako kolonia baten aurrean. Lehen Argazkia: Debbie Hill

"Duela hiru hilabete, Donald Trumpen bake planak onartu zuen Judea eta Samariaren gainean (Zisjordania) Israelek duen eskubidea, eta han eta Jordaneko haranean israeldarren subiranotasuna onartuko zuela agindu zuen Trump presidenteak", adierazi du Netanyahuk. "Pare bat hilabete barru, promesa hori zintzoa izango dela eta sionismoaren historian beste une historiko bat ospatu ahal izango dugula espero dut", gaineratu du.

Planak Jerusalem Israelgo hiriburu "zatiezin" bihurtzea aurreikusten du, eta Jordaneko harana eta Zisjordaniako 130 kolonia baino gehiago batu nahi ditu Israelek. 1990eko hamarkadan israeldarrek eta palestinarrek Oslon sinatu zituzten akordioen arabera, Zisjordania A, B eta C sektoreetan banatuta dago. C eremua lurraldearen %60 inguru da eta israeldarren kontrolpean dago, baina Israelgo Estatura anexionatu gabe daude lurrok.

Koloniak, non 450.000 israeldar baino gehiago bizi diren, eta Jordan harana, Tiberiades lakua eta Itsaso Hilaren arteko lur zerrenda, Zisjordaniako lurren ia %30a dira. Horiek nagusiki C eremuan daude. Anexioa gauzatuz gero, ofizialki Israelen zati izatera pasako lirateke, eta horrela, Israelgo Estatu sionistak bere mugak Jordaniara zabalduko lituzke.

Europar Batasuna “Israelen eta kristauen etsai”

Yair Netanyahu, Israelgo lehen ministroaren semeak ondorengoa adierazi du Twitter bitartez: "Europar Batasuna Israelen etsaia da eta Europako herrialde kristau guztiena! Schengen eremua hilda dago eta laster bere antolaketa globalista gaiztoa ere bai. Europa askea, demokratikoa eta kristaua izango da berriro!".