argia.eus
INPRIMATU
Israelek Yemen bonbardatu du, gerra zabaltzeko arriskua areagotuz
  • Hodeidahko portuan gutxienez sei pertsona hil dituzte sionistek larunbatean. Ostiralean, Huthiek Tel Avivi eraso egitea lortu zuten lehen aldiz.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 22a
Argazkia: @Jonathan_K_Cook

Gazako genozidioak gatazka eskualdean zehar zabaltzeko beste pauso bat eman du asteburuan. Yemengo huthiek ostiralean Tel Aviv bonbardatu zuten, eta Israelek ordainetan Yemengo Hodeidah portu garrantzitsuari egin dio eraso. Huthiek azarotik ari dira Itsaso Gorrian Israelekin lotutako zamaontziei eraso egiten Palestinarekiko elkartasunez.

Israelek hegazkin militarrekin bonbardatu du Hodeidah larunbatean, sei pertsona hil eta dozenaka zauritu ditu. Portuko petrolio biltegiak ere kolpatu dituzte erasoan, eta sute handia sortu da inguruetan. Israelen esanetan, Iranek huthiei egindako arma bidalketak oztopatuko dituzte horrela denbora batez. Iranek Yemengo bonbardaketa salatu du, esanez gatazka areagotzea ekar dezakeela, eta ukatu egin du huthiak armaz hornitzen ari denik.

Yemengo huthiek iragan ostiralean Tel Aviven izandako leherketa aldarrikatu dute. Mediterraneoko hiriaren erdialdea bonbardatu dute drone eraso batean, eta lehen aldia da huthiek Tel Aviv jotzea lortzen dutena. AEBetako enbaxadaren bulego batetik gertu izan da erasoa. Pertsona bat hil eta beste hamar zauritu dituzte. Lehen aldia ere bada huthiek Israelen hildako bat eragiten dutena. Haien droneak 1.800 km bidaiatu ditu, eta “giza akats” baten ondorioz izan du arrakasta erasoak, Israelgo Defentsa Ministerioko agintarien arabera, nahiz eta sei minutuz identifikatua izan dute dronea.

Huthiek esan dute drone mota berria erabili dutela, radarrak saihesteko gai dena, Jaffa izenekoa. Jaffa Palestinako merkataritza hiri garrantzitsua zen 1948an Israelek inbaditu zuen arte, eta egun Tel Aviv hiriak irentsia du.

Huthien elkartasun kanpaina militarra

Azaroan hasi zen Yemengo milizia xiita Itsaso Gorriko pasabidea oztopatzen Israelekin lotutako ontziei. Eraso ugari egin dituzte, eta Suezko kanaleko merkataritza garraioan murrizketa ikaragarria egon da ondorioz. Israelgo Eilat portua bertan behera gelditu da, hein handi batean huthien eraginez.

Huthiek, edo Ansar Allah talde xiitak, Yemengo lurraldearen gehiengoa dute kontrolpean, hiriburua barne, 2014an gobernuaren aurka altxatu zirenetik. Iran eta Hezbollahrekin dute lotura, eta adierazi dute Israelen aurkako kanpaina militarra mantenduko dutela Gazako genozidioak indarrean dirauen bitartean.