argia.eus
INPRIMATU
Israelek su-etena eman dezan gero eta eskaera gehiago nazioartean
  • Bi hilabeteko erasoetan ia 20.000 palestinar hil ondoren, Israel ez dago Gazako erasoan amore emateko prest eta Zisjordania ere gero eta gogorrago kolpatzen ari da. Israeli egindako su-eten eskaerak gero eta gehiago dira, baina AEBek esan dute Israelek behar duen denbora hartuko duela bere lana amaitzeko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko abenduaren 15a
Argazkia: Al Jazeera

Lana amaitzea zer den, ordea, ez dago batere argi. Israelek esan ohi du Gazan Hamasekin bukatzea dela lan hori, baina gero eta susmo gehiago dago egungo erasoaren helburua horretatik harago doala. Israelgo agintari askok adierazi izan dute oraingo une hau baliatu beharko luketela behingoz Gaza palestinarrez husteko. Oraindik, alabaina, ez dago argi urrats hori nola eman dezakeen, batez ere Egiptok uko egiten dionean Gazako biztanleak Sinaiko basamortuan jasotzeari. Edozein modutan, Israel Gaza erabat suntsitzen ari da, bertan berehalakoan inor ez bizitzeko moduan eta, oraingoz, palestinarrak hegoaldean pilatzen ditu batez ere, Egiptoko ateetan.

Bitartean, AEBetako Segurtasun kontseilari Jacques Sullivan Tel Aviv-en egon da aste honetan eta Israelgo Gobernuari argi adierazi dio AEBek ez dutela oztopatuko “Israelek bere herria babesteko eramaten ari den gerra”. Hala ere, zehaztu zuen gerra amaitzeko egutegi baten gainean jardun dutela eta baita gerra arintzeko beharraz ere.

Inork ez daki, baina, Israelek Gazako erasoa noiz amaituko duen. Oraingoz, iparretik hegorako bidea egiten ari da Israelgo armada, baina ez dago garbi Gaza osoa hartzen duenean zer gertatuko den. Itxuraz, eta beti ere “segurtasunaren izenean” Israelgo Gobernuak bertan geratu nahiko luke, baina AEBek ondo ikusiko lukete Aginte Palestinarrak kudeatzea Gaza, eta Israelgo armada bertatik ateratzea.

Israel 2005ean atera zen Gazatik, hura kontrolatzea oso zail eta garesti ateratzen zitzaiolako, besteak beste. Edozein modutan, ez da samurra irudikatzea aurrerantzean nola bizi ahalko diren palestinarrak Gazan, eta are gutxiago Israelgo indar okupatzailea bertan dagoela.

Su-etenerako deia gero eta zabalago nazioartean

Iragan asteartean NBEko Batzar Nagusiak berriz egin zion su-etenerako deia Israeli. Hamar herrialdek bakarrik egin zuten deiaren aurka, tartean AEBak. Eskaerak badu indar sinboliko handia, baina ez agintzeko ahalmenik, horretarako NBEko Segurtasunaren Kontseiluaren oniritzia behar baita. Azken honetan, AEBeek orain arte betoa jarri diote bertan egin diren su-eten eskaerei.

Baina su-eten eskaerak gora doaz, baita ere oro har halako eskaeren aurrean beti Israelen alboan agertzen diren estatuen artean, hala nola, Kanada, Australia edo Zelanda Berria. Hirurek eskatu berri diote su-etena Israeli.

Europako Batasunean ere su-etenerako eskaera gero eta sendoagoa da, eta Austria eta Txekiar Errepublika dira orain su-etenerako deiari uko egin dioten bakarrak. Europar Batzordeko lehendakari Von Der Lyen bera ere su-etenaren alde agertu da eta joan den asteazkenean Israelgo kolonoen erasoak salatu zituen; halaber, oraingo erasoaldia amaitzean, Espainiako Gobernua defendatzen ari den bake konferentziaren aldeko hitzak ere izan zituen. Edozein kasutan, oraingoz behintzat, adierazpen hauek guztiek ez dute inongo eraginik Israelgo Gobernuaren jarreran.