Israelek eraso masiboak abiarazi ditu berriro ere Gaza osoan: Khan Younis eta Rafan Gaza hegoaldean, Gaza Hirian iparraldean eta eta Deir el-Balah-n erdialdean. "Familiak seme-alaben gorpuzkiak eskuetan zituztela iristen ziren ospitalera", adierazi du lekuko batek.
"Oraindik hainbat biktima hondakinen azpian" daudela ziurtatu du Palestinako Osasun ministroak. Beraz, zifrek gora egin dezakete. Hildakoen kopuru handi bat umeak direla ziurtatu du, Al Jazeerak jaso duenez.
Erasoa urtarrilaren 19an adostutako su etenaren ezeztapena dela adierazi du Hamasek: "Netanyahu eta bere muturreko gobernua su eten akordioa bertan behera uzteko erabakia hartzen ari dira, Gazako presoak patu ezezagun baten eraginpean jarrita". Nazio arabiar eta islamiarretako herritarrei, "munduko jende askearekin" batera, kalera ateratzera deia egin die, erasoa salatzeko.
Gazako Gobernuko Hedabideen Bulegoak adierazi du "haurren eta emakumeen aurkako genozidioa egiten jarraitzeko aldez aurretik pentsatutako plan bat" duela Isaelek, eta "inolako muga moral edo legalik gabe okupazioaren benetako asmoak" azaltzen dituela.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi du militarrei "neurri sendoak" hartzeko agindu diela. Hamasi leporatu dio su eteneko akordioa luzatu ez izana eta Israelgo gatibuak ez askatzea. "Hemendik aurrera, Israelek indar militarra areagotuko du Hamasen aurka egiteko". Al Jazeerak argitaratu duenez, Israelek Hamasi negoziaketetan egindako hainbat proposamen errefusatu izana leporatu dion arren, Netanyahuk uko egin zion otsailaren 6an su eten akordioaren bigarren faseari buruzko negoziazioak hasteari.
Lekuko izan den Gazako irakasle batek horrela kontatu ditu erasoak: "Ikaratuta geunden, haurrak ikaratuta zeuden. Senitartekoengandik dei asko jaso genituen ondo geunden egiaztatzeko. Anbulantziak etengabean zebiltzan kale batetik bestera". Irakasleak adierazi du familiak "seme-alaben gorpuzkiak" eskuetan zituztela iristen zirela ospitalera. Erasoak jendea aterpetu den auzoetan, eskola inprobisatuetan eta etxebizitza eraikinetan egin dituztela jaso du Al Jazeerak.
Israelgo indarrek 48.000 pertsona baino gehiago hil dituzte orain arte lurraldean, Palestinako osasun agintarien arabera.