argia.eus
INPRIMATU
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko
  • "Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 14a
Israelgo armada ustez Hamasek egina den tunel batean sartzen.

Israelgo Haaretz egunkariak argitaratutako informazioak harrabotsa sortu du nazioartean nahiz praktika harrigarria ere ez izan. Gazako lurpeko tunelak eta zenbait eraikin miatzeko, lehergailu mehatxuari aurre egiteko, Israelgo armadak preso palestinarrak ipintzen ditu lehen lerroan, giza ezkutu gisa. "Hobe da haiei lehertzea, guri lehertzea baino; horixe esaten digute", aitortu du soldadu israeldar batek aipaturiko egunkarian.

Propio eta berariaz atxilo hartutako preso palestinarrak ipintzen dituzte giza ezkutu gisa. Haaretz-en arabera, eraikin edo tunel horretan "egon daitekeenaren aurretiazko informazioa" izan dezaketen pertsonak dira operazio horietara eramaten dituztenak. Soldatu hark, hori esanez, zuritu du praktika hori haur eta nerabeak salbu daudelakoan.

Praktika horiek, baina, debekatuta daudela esan du Israelgo armadaren agintaritzak. Filtrazio hori hedatu duenari ardura egotziko diotela ere mehatxatu du armadak.