Israelgo Atzerri ministroak NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresi herrialdean sartzea debekatu diotela jakinarazi du. Katzek Guterresi Iranek Israelen aurka misilekin egindako erasoa “argi eta garbi” ez gaitzestea leporatu dio, baita "terroristak, bortxatzaileak eta hiltzaileak" babestea ere.
“Gaurkoan Nazio Batuen Erakundeko Antonio Guterres idazkari nagusia persona non grata izendatu dut, eta herrialdean sartzea debekatu diot". Hala idatzi du sare sozialetan Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek.
"Israelen aurkako Iranen erasoa argi eta garbi gaitzesten ez duen inork, munduko ia herrialde guztiek egin dutena, ez du merezi Israelgo zorua zapaltzea. Idazkari nagusi honek ez ditu salatu oraindik urriaren 7an Hamaseko hiltzaileek egindako sarraskia eta sexu-erasoak, eta ez du inolako ahaleginik egin [Hamas] antolakunde terrorista gisa izendatzeko. Hamas eta Hezbolahko terroristei, bortxatzaileei eta hiltzaileei, huthiei eta orain Irani babesa ematen dien Idazkari Nagusia NBEren historiako orban gisa gogoratuko dute", esan du.
Bere herritarrak defendatzen eta "duintasun nazionala mantentzen" jarraituko dutela esan du, "António Guterresekin edo António Guterres gabe”.