argia.eus
INPRIMATU
Israelek Libano gogor kolpa dezake hurrengo egunetan, eskualde mailako gerra arriskua areagotuta
  • Israelek Hezbollahri egotzi dio larunbatean Golango gainetan gutxienez hamabi pertsona hil dituen bonbardaketa, baina milizia xiitak ez du bere gain hartu. Israelek Libanoko gune ugari bonbardatu ditu jasotako azken erasoaren ondoren.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 29a
Argazkia: Israelgo Barne Ministerioa / EFE

Larunbatean leherketa bat izan da sionistek Siriari okupatutako Golango gainetan, Majdal Shams herrian. Futbol zelai bati egindako erasoan gutxienez hamabi pertsona hil dira, gehienak haurrak, eta 30 zauritu. Israelek Hezbollahri egotzi dio erasoa, eta “erantzun gogorra” hitzeman du, nahiz eta Libanoko miliziak ez duen bere gain hartu erasoa. Libano eta Israelen arteko gatazka areagotzeko prestatzen ari dira bi aldeak, nazioartean tentsioa baretzeko saiakera ugari egiten ari diren bitartean.

Golango gainetako biktimak drusoen komunitateko kideak dira, eta hileta jendetsuak egin dituzte asteburuan hildakoak omentzeko. Haaretz hedabide israeldarrak jakinarazi duenez, hildakoen senideek uko egin diote Netanyahurekin biltzeari, hainbat familiarekin harremanetan jartzen saiatu badira ere. Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministro ultraeskuindar ultraortodoxoa Golango gainetara joan da erasoaren ondoren, baina iturri batzuen arabera bertatik atera behar izan du, komunitate drusoaren irain artean, senideek eskatu dutelako “ez ditzatela erabili” haien helburu politikoetarako.

Haaretzen esanetan, Netanyahuk Gazako haurren aurkako neurriak hartuko ditu, Golango gainetan hildako haurren ordainetan. Medikuek artatzea behar dutelako ebakuatzekoak ziren haur palestinarren baimenak oztopatu eta atzeratu egingo ditu lehen ministroak. Ehunka haurren tratamendua erraztea onartua zuen Israelek, baina igandean kontrakoa agindu du lehen ministroak. Hildako haurrak epaitzeko “moral bikoitza” izatea eta “jolas krudeletan” aritzea egotzi diote hainbat eragilek, Israelgo GKEak barne.

Netanyahu AEBetan egon da joan den astean, bertako agintariekin biltzen eta babesa jasotzen, baina lehenago itzuli da Israelera, Majdal Shamseko hilketak kudeatzeko, lehen ministroaren ordezkariek jakinarazi dutenez. Igandean segurtasun kabinetea bildu du, eta bilera amaieran jakinarazi dute Netanyahuri eta Defentsa ministroari baimena eman dietela “erantzuteko modua eta denbora” erabakitzeko. Netanyahuk adierazi du “gogor” erantzungo duela Hezbollah eta Libanoren aurka.

Nazioartea eskualde mailako gerraren beldurrez

Datozen egunak erabakigarriak izan daitezke. Hezbollah eta Israelek, biek adierazi dute ofizialki ez dutela gerrarik nahi, baina biak ari dira gatazkarako prestatzen, adituen arabera. Larunbateko erasoen ostean, nazioarteko agintari eta eragile ugarik kezka azaldu dute Israelen erantzunak ez ote duen bi herrialdeen arteko gatazka areagotuko eta eskualde mailako gerra piztuko. Egoera baretzeko deia egin dute denek, eta esku hartzeko gaitasuna dutenei, AEBei gehienbat, eskatu diete Israeli presioa egin diezaiotela, ez dezan gerra sustatu.

Iranek mehatxu egin die sionistei, Hezbollah eta Libanoko zibilen aurkako oldarraldia eten dezaten. Libanoko Gobernuak zibilen aurkako erasoak gaitzetsi ditu, eta borrokak berehala eteteko eskatu du. Josep Borrell Europar Batasuneko diplomaziaburuak ere gaitzetsi du erasoa, nazioarteko ikerketa independentea abiatzeko beharra adierazi du, eta alde guztiei eskatu die tentsio igoera saihesteko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Netanyahurekin hitz egin du asteburuan, eta zuzenean eskatu dio gerra ekiditeko.

Hala ere, azken hilabeteetan hainbat eragile eta agintarik salatu dute Netanyahuren interesak beste norabait doazela. Gazan eta eskualdean gerra sortu eta luzatzeko interesa duela ohartarazi izan dute, hauteskundeak atzeratu eta Israelen dituen epaiketak saihesteko, besteak beste. Agintari sionista ugari ere atera dira Netanyahuren asmoak salatzen, eta “estrategiarik gabe” jokatzen aritzea leporatu diote.

Su-eten negoziaketetan eragina

Erresistentzia palestinarraren eta Israelen arteko negoziaketek martxan jarraitzen dute, itxaropen gutxi sortu badute ere. Negoziatzaileen inguruko iturriek Al Jazeerari esan diotenez, Israel eta Libanoren arteko gatazkak su-eten akordiorako aukerak kaltetu ditzake, sionisten aurretiko interes faltaz gain. Duela hiru aste Netanyahuk negoziatu ezineko puntuen zerrenda bat argitaratu zuen, horietako asko Hamasen marra gorrien aurkakoak. Baldintzetako bat zen akordioa eginda ere Israelek Gaza bonbardatzen jarraitu ahal izatea, bere “helburu guztiak” lortu arte.

Israelgo hedabide batzuen arabera, Netanyahuk proposamen berri bat helarazi die negoziaketetako bitartekariei azken egunetan. Eduki zehatzak publiko egin ez badira ere, iturriek diote Netanyahuk are gehiago gogortu dituela baldintzak.