Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Gazako menia kinka larrian jarri zuen Israelek joan den larunbatean: su-eten akordioan adostutakoa betez, Hamasek sei gatibu israeldar askatu zituen; Benjamin Netanyahu lehen ministroa buru duen Israelgo Gobernuak, ordea, ez zuen berdina egin, eta ez zituen 600 preso palestinar aske utzi. Al Jazeera hedabideari eginiko adierazpenetan, Basem Naim Hamaseko kideak adierazi zuen talde palestinarrak Gazarako menia baliogabetuko zuela Israelek larunbatean askatu beharreko preso palestinarrak aske utzi arte.
Tentsio uneak baztertzeko asmoz, bi aldeak negoziatzen aritu dira azken egunetan Kairon, Egipto bitartekari gisa. Elkarrizketa horietatik ateratako fruituen berri eman du Hareetz Israelgo hedabideak asteazkenean, Israelgo iturri ofizialak aipatuz: hitzartua zuten zazpigarren trukea erdietsiko du Israelek 642 preso palestinar aske utzi ostean, eta Hamasek lau gatibu israeldarren gorpuak itzuliko ditu. Horrela, Gazarako meniarako lehen fasean adostutako preso truke guztiak beteko dituzte bi aldeek: Hamasek guztira 33 gatibu israeldar itzuliko ditu eta Israelek gutxienez 2.000 preso palestinar utziko ditu aske.
Urtarrilaren 19an sinatu zuten Gazarako su-etena Hamasek eta Israelek, eta 42 egun igaro ostean amaituko da meniaren lehen fasea. Bigarren fasea indarrean sartzekoa da ondoren, eta bi aldeek adostutako betez gero, Israelgo armadak guztiz etengo lituzke Gazaren aurkako erasoak eta zerrendan dituen tropa guztiak aterako lituzke. Israelgo hedabidearekin hitz egin duen iturri ofizialak adierazi du martxoaren 8rako Hamasek gatibu gehiago askatzen ez baditu, Israelek gerrari berrekingo diola Gazan.
Gaza oporretako egonleku bihurtzeko asmoa, bideoan
Etxe Zuriko maizter izendatu zutenetik, behin eta berriz aipatu du Donald Trump AEBetako presidenteak Gaza "oporretarako egonleku" edota "Ekialde Hurbileko Riviera" bilakatzeko asmoa. Asmo horiek irudikatzen dituen bideo bat argitaratu du sare sozialetan asteazken goizean, adimen artifiziala erabilita. Besteak beste, bideoan Trumpen urrezko estatua bat eta Elon Musk dirua airera jaurtitzen agertzen dira guztiz berreraikitako eta modernizatutako Gazan.