argia.eus
INPRIMATU
Israelek laguntza humanitarioan kamuflatu ditu soldaduak, bahituak askatzeko azken operazio odoltsuan
  • NBEren errelatoreak esan du Israelek “kamuflaje humanitarioa” baliatu duela. AEBek “laguntza humanitarioa sartzeko” eraikitako portua erabili dute sionistek Gaza erdialdean sartu eta Nuseirateko sarraskia egiteko, hainbat iturriren arabera. Israelek ukatu egin du AEBek eraikitako portua zein laguntza humanitarioko ibilgailuak erabili izana.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 10

Israelek bahituak askatzeko operazio militarra egin du Nuseirat errefuxiatu kanpamenduan, eta laguntza humanitarioko kamioiak erabili ditu kamuflaje gisa. Sarekadan 274 palestinar hil eta ia 800 zauritu dituzte sionistek. AEBek Gazako kostaldean eraikitako portua, laguntza humanitarioa sartzeko aitzakian eraikitakoa, erabili du Israelek “indar armatuen unitate bereziak” sartzeko eta, ondoren, bahituak ebakuatzeko. Ameriketako Estatu Batuek jakinarazi dute “parte hartu dutela bahituak askatzeko operazioan”, Nuseiraten eragindako sarraskian.

Anadolu hedabideak jakinarazi duenez, kamioiak eta ibilgailu zibilak erabili dituzte operazioan, soldaduak ezkutatzeko. “Garraiorako kamioi hauek ohikoak dira Gazan laguntza humanitarioa eramateko”, adierazi diote iturriek Anadoluri. Lekukoen arabera, Nuseirat errefuxiatu kanpalekua gogor bonbardatzen ari ziren bitartean, armada sionistak “ustekabean” egin du aurrera kanpalekuan barrena.

Palestinarako NBEren errelatoreak ere ohartarazi du “kamuflaje humanitario” gisa erabili dituela kamioiak Israelek. Francesca Albanese errelatoreak esan du Israelek “bahituak erabili dituela Gazako genozidioa legitimatzeko”. Salatu du sionistek bahitu guztiak askatzeko aukera izan zutela duela zortzi hilabete, lehenengoz proposatu zirenean su-etena eta bahituen trukea, baina “uko egin ziola jarraitu ahal izateko suntsitzen Gaza eta Palestina herri bezala”.

Bi lekukok Al Jazeerari esan diote unitate armatu sionistek beste kamioi bat erabili dutela, “altzariak zeramatzana, palestinar errefuxiatuena balitz bezala”, Nuseirat kanpalekuko etxebizitza zonalde batetara sartzeko. Israel Hayom hedabide sionistak aldarrikatu du Hamas sorpresaz hartzeko erabili dutela kamioi hori.

AEBen portu “humanitarioa”

Iturri ugariren arabera, AEBek Gazako kostaldean eraikitako portua erabili dute sionistek “unitate bereziak” Nuseiraten sartzeko. Portua konponketak egiteko kendua zuten, inauguratu eta bi astera hondatu baitzen olatuen ondorioz, baina ostiralean jarri dute berriro martxan, eta larunbatean jada erabili dute israeldarren operazio militarrean laguntzeko.

The Palestine Chronicle hedabidearen arabera, Nuseiraten askatutako bahituak ere AEBen portutik ebakuatu dituzte Israelera. Ustez bahituak garraiatu dituen helikopteroa erakutsi dute bideo batean.

Israelgo Armadak ukatu egin du salaketa

The Times of Israel hedabideak armada sionistaren iturriak aipatu ditu, esanez ukatu egin dutela laguntza humanitarioko kamioiak erabili izana erreskate operazioan. Israelgo Armadaren esanetan, AEBen behin-behineko portua ere ez dute erabili.