Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.
"Irlandak marra gorri guztiak zeharkatu ditu Israelekin duen harremanean", adierazi du Gideon Saar Atzerri ministroak, eta gehitu Irlandak erabilitako ekintzak eta erretorika "antisemita" direla.
"Israelek Dublinen duen enbaxada ixteko erabakia, Israelen aurkako Irlandako Gobernuaren muturreko politikaren ondorioz hartu da", dio ministroak plazaratutako oharrak. Haren hitzetan, Israelek aldebiko harremanak lehenesten ditu munduko herrrialdeekin, Israelekiko hartzen duten jarreraren arabera.
Joan den maiatzean erretiratu zuen Israelek Dublinen zuen enbaxadore, Irlandak Palestina estatu gisa onartu ondoren –Espainiak eta Norvegiak egin bezala–.
Moldaviarekin, "harreman adiskidetsuak"
Bestalde, Atzerri ministroak iragarri du 2025erako Israelek enbaxada irekiko duela Chisinaun, Moldaviako hiriburuan.
"Israelen eta Moldaviaren arteko harremanak adiskidetsuak dira, eta bi herrialdeek harreman horiek zabaltzeko eta sakontzeko interesa dute. Moldaviak enbaxada bat du Israelen eta Israelek Moldavian enbaxada bat izateko unea heldu da", adierazi du Saarek.