Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera dagoeneko 46.000 inguru dira iazko urritik eta gaurdaino Israelgo armadak Gazan hil dituen herritarrak, horietatik 17.400 haurrak dira. Zaurituak 107.338 lirateke guztira eta desagertuak 11.000tik gora.
Ostiral honetan Iruñeko Katakraken egindako agerraldian antolatzaileek adierazi dutenez, Gazan sarraskiak jarraitzen duen bitartean, “hemen oporrak handikeriaz prestatzen ditugu, kontrastea lotsagarria da. Eta ez gara ari bizitzaz gozatzeari uztearen alde. Kontua da utzi behar diogula beste alde batera begiratzeari, ezer gertatuko ez balitz bezala, kontua da genozidioa ez ahaztea”.
Halaber, gogor salatu dute hildako milaka haur horiek lehentasunezko helburua direla Israelentzat, eta infantizidio hori Mendebaldeko gobernuen konplizitatea eta pasibotasunarekin egiten ari direla, “kontua da, beraz, hango errealitate hura gure bizitza-burbuilara hurbiltzea”.
Irakurraldia Nafarroan inoiz egin den handiena izango da eta abenduaren 28ko 12:00etatik aurrera hasiko da. Kulturaren, artearen, kazetaritzaren edo beste esparru ugarietako herritarrek esku hartuko dute irakurketan. Aldez aurretik ipuin kontalaria izango da, “gure haurrei ere bide emateko, modu ludiko eta kulturalean parte har dezaten, beren elkartasuna adieraziz, babes- eta maitasun-mezuak bidaliz, begirunez eta elkartasunez hazten lagunduz”.