argia.eus
INPRIMATU
Israelek hasieran ukatu eta gero onartu zituen beste lau eraso
  • Israelek ukatu egin du 500dik gora hildako eragin zuen Gazako Al Ahli Baptist-eko erasoa berak egin zuenik. Beste askotan ere hala jokatu izan du, erasoa egin, ukatu eta azkenean onartu, batez ere ikerketek Israelgo armada izan zela erakutsi dutenean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urriaren 20a
Shireen Abu Akleh kazetaria gogoratzeko bilkura bat. (Argazkia: Wkipedia)

The Middle East Aye hedabideak egindako bideoan, azken urteetan Israelek hasieran ukatu eta gero onartu dituen lau erasoren errepasoa egiten du. 2022an Gazako Jabalya errefuxiatu esparruko azokari eraso zioten Israelgo hegazkinek: 105 pertsona hil zituzten eta beste 120 zauritu. Bederazi egun behar izan zuten Israelgo armada izan zela onartzeko.

Shireen Abu Akleh Al Jazeera-ko kazetari ezagunaren kasua ere asko hedatu zen. Hasiera batean, militante palestinarrek hil zutela esan zuen Israelgo armadak, eta hilabeteak eta gero, ikerketek inguratuta, seguruenik Israelgo soldadu baten tiroa izan zela onartu zuen. Ikerketak erakutsi zuen soldaduak apropos egin ziola tiro burura kazetariari.

2006an Libanoko Qana herriko eraikin baten aurkako aire erasoa egin zuen Israelgo Armadak bi misilekin. Eraikin osoa ondoratu zen eta 28 zibil hil ziren. Hezbolá egin zuen errudun Israelek, eta jakinarazi zuen egun batzuk lehenago etxe hori eta ingurukoak husteko agindua eman zuela.

1996an NBEko kanpamentu bat bonbardatu zuen Israelek eta Libanotik ihesi zihoazen 106 zibil hil zituzten. Eraso honetan ere Israelgo Armadak hasieran ukatu egin zuen, baina azkenean onartzen bukatu zuen. Informazio gehiago nahi duenak, hemen bideoa.