argia.eus
INPRIMATU
Israel ekonomikoki zigortzeko eskatuz, 10 urtean hildako 4.500 palestinarrak irudikatu dituzte
  • Bruselan Europako Batzordearen aurreko plaza zapataz bete dute, atzerri ministroen bileraren aurretik. Pare bakoitzak Israelgo militarrek hildako palestinarrak sinbolizatzen ditu. Avaaz GKE-ren ekimena izan da eta sarean sinadurak biltzen ari dira.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 29a
4.500 zapata pare jarri dituzte plazan.

AEBetako beltzen eskubideen aldeko Black Lives Matter mugimenduaren izenarekin jokoa eginda, Palestinian Lives Matter izeneko kanpaina abiatu dute.Nazioarteko Atzerri Ministroei eta Estatuburuei Israel ekonomikoki zigortzeko eskatuz sinadura bilketa egiten ari dira. 780.000 bildu dituzte oraingoz.

"Munduko kontzientziarentzat orbaina bilakatu da ikustea Palestinako herria nola tratatzen ari diren. Heldu da mundu guztia zutik jarri eta ekiteko ordua, Israelgo industria gakoei zigorrak ezartzeko, Palestinarren eskubide zibilak erabat bermatu arte. Dei egiten dizuegu lidergo morala hartu eta bizitzak salbatzeko", dio kanpainak.

Israelgo frankotiratzaileek beren lurraldean zeuden 60 pertsonari tiro egin eta hil eta 1.300 zauritu dituztela oroitzen dute. "Palestinarren aurkako Israelgo diktadura militarraren basakeria arrazistaren beste adibide bat da, 50 urtez luzatzen ari den diktadura", diote Avaazetik.

"Nahikoa da, palestinarren bizitzak merezi du. Hegoafrikari ezarritako zigorrek lagundu zuten herritar beltzak Apartheidetik askatzen, mundu osoa Israelentzat zigorrak eskatuz kalera ateratzeko unea da, palestinarren eskubideak bermatu arte".