argia.eus
INPRIMATU
Israelek gutxienez 150 gazatar baino gehiago hil ditu asteburuan
  • Asteburuan indiskriminatuki bonbardatu ditu Gaza eta Beirut hegoaldea. 2023ko urriaren 7az geroztik, 42.600 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Palestinan, Gazako Osasun Ministerioak zenbatu ahal izan duenaren arabera. The Lancet aldizkari zientifikoak uztailean kaleratu zuen 200.000 eta gehiago izan zitezkeela Israelek zuzenean hildakoez gain, gosez eta gaixotasunez hil dituenak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 21
Garbiketa etnikoa argazki batean. Etxea uztera behartzen ari dira iparraldean bizi diren gazatarrak.

Ostiraletik larunbaterako gauean eta larunbatetik iganderakoan, bietan bortizki bonbardatu du Israelgo armadak Gaza. Guztira, gutxienez 150 gazatar baino gehiago hil ditu eraso horietan. Azken bi asteetan, Gaza iparraldean, guztira 500 hildako baino gehiago zenbatu dituzte agintari palestinarrek.

Horrez gain, Hezbollah miliziak erabiltzen duen finantza bankuari ere egin dio eraso Israelgo armadak azken orduotan. L'Orient Le Jour egunkari libanoarraren arabera, banka entitate horren gutxienez hamabost egoitza bonbardatu dituzte, etxez inguratutako zonalde batean, baita Beirut hiriburuko aireportuaren inguruan ere. Eta, bestalde, Hezbollah-ren "inteligentzia zentro" bati ere egin omen dio eraso Israelgo armadak, nahiz inork baieztatu ez.

Azken hilabete pasatxoan, 2.400 libanoar baino gehiago hil ditu Israelek, La Vanguardia-n irakur daitekeenez. Horrez gainera, 1,2 milioi biztanlek utzi behar izan dute haien etxea.

Iran erasotzeko ezkutuko plana

Asteburuan Telegram kanal batean zabaldu denez, eta nazioarteko hedabideek hauspotu dutenez, AEBek Israel espiatzen dute, eta desklasifikatu den dokumentu estatubatuar baten arabera, Israelek asmoa du Irani bortitzago egiteko eraso. Inork ez du harridurarik agertu, ez bada AEBen barnean filtrazioa egon delako. Dena dela, AEBek antimisilen defentsarako sistema eta bere tropa eskaini dizkio ondoren, Iranek Israeli eman diezaiokeen erantzunaren aurrean.

Iran jo puntuan dago eta balirudike interesak partekatzen dituela Mendebalde zabalak. Izan ere, duela astebete baino ez, hiru hegazkin konpainia eta Irango Defentsa ministro ordea zigortu zituen Europar Batasunak, Errusia armaz hornitzeagatik.