argia.eus
INPRIMATU
Israelek gogortu egin du Gazaren aurkako erasoaldia, eta Netanyahu zerbitzu sekretuetako burua kargugabetzen saiatu da
  • Asteartean menia apurtu zuenetik gutxienez 650 palestinar hil dituzte sionistek, Al Jazeeraren arabera. Netanyhauren gobernuak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du, baina Auzitegi Gorenak kaleratzea geldiarazi du.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 24a
Israelek azken egunetan Gazaren aurka egindako erasoetako batek utzitako ondorioak. Dawoud Abu Alkas / Reuters

Israelek lurreko eta aireko erasoak berrabiarazi ditu Gazan: asteartean su etena apurtu eta egun bakarrean gutxienez 500 palestinar hil zituen, eta Al Jazeera telebista katearen arabera, geroztik 150 palestinar gehiago hil ditu. Qatarreko hedabideak baieztatu du Israelgo armada Rafahra sartu dela, Khan Yunis hirian dagoen Nasser ospitalea bonbardatzeaz gain: zerrendako ospitalerik handienetako bat da, eta 2024ko otsailaz geroztik ez dago erabilgarri.

Avichay Adraee Israelgo armadako arabierazko bozeramaileak igandean argitaratutako mezu batean iragarri du armadaren ofentsiba berria: Egiptoko mugaren ondoan dagoen Tal Al Sultan eremura zabaldu dituzte erasoak, eta bertako palestinarrei eremua ebakuatzeko dei egin die. Mawasi eremura joateko agindu die, "eremu humanitariotzat" hartuta dagoena. Haatik, Mawasiren aurkako eraso batean Israelek Salah al Bardaweel buruzagia hil duela baieztatu du Hamasek.

Israelgo Auzitegi Gorenak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buruaren kargugabetzea geldiarazi du

Bien bitartean, sionisten arteko barne liskar eta enfrentamenduek ez dute etenik. Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu zuen Israelgo Gobernuak ostiralean. "Elkarrengan konfiantza galdu" zutela argudiatu zuen Netanyahuk, eta "ahulegia" izan zela Hamasekin su etena adosteko negoziazioetan. Erabakia iragarri eta gutxira, oposizioko lau alderdi nagusiek helegitea ezarri zuten Israelgo Auzitegi Gorenean, eta honek Barren kargugabetzea geldiarazi zuen behin-behinean.

Hamasekin edukitako ikuspegiaz gain, Itamar Ben-Gvir eskuin muturreko Segurtasun Nazionalerako ministro ohia "baimenik gabe espiatzea" leporatu dio Netanyahuk Shin Beteko buruari. Segurtasun Nazionalerako ministro ohiak dimisioa eman zuen urtarrilaren 19an, Hamasek eta Israelek adostutako Gazarako su etena indarrean sartu zenean, baina asteazkenean itzuli zen kargura, Israelek su-etena hautsi eta bi egunera.

Ben-Gvirrek Guardia Nazionala deiturikoa gainbegiratzen du, palestinarrek behin baino gehiagotan "milizia terrorista armatu" izendatu dutena. Hain zuzen ere, Guardia Nazionalean eskuin muturreko kideak sartu ote ziren ikertzen ari zen Shin Bet Netanyahuren baimenarekin, Israelgo hainbat hedabidek igandean jakinarazi dutenez. Lehen ministroak gezurtatu egin du bertsio hori, ordea, eta Ben-Gvirrek Bar espetxeratzea exijitu du, "kriminala" izatea leporatuta.

 

Ronen Bar Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuetako burua.  Gil Cohen-Magen / Reuters

Netanyahuren aurka

Barrek ohar bat kaleratu zuen ostiralean, eta Israelgo Gobernuak bere kargugabetzearekin Shin Beten "inpartzialtasuna eten" nahi zuela adierazi zuen. Ziurtatu zuen zerbitzu sekretuek "herritarren onerako" egiten dutela lan, "ez interes pertsonalen mesedetan".

Aipatzekoa da, gainera, Shin Bet Qatargate auzia ikertzen ari dela: Qatarri leporatutako ustelkeria kasuan Netanyahuren aholkulariek eta Israelgo Gobernuko hainbat kidek izandako papera, hain zuzen. Yesh Atid oposizioko alderdiko buru Yair Lapidek sare sozialetan argitaratutako mezu batean azaldu duenez hori da Barren kargugabetzearen benetako arrazoia. Testuinguru horretan, milaka israeldar kaleetara atera dira azken egunetan Netanyahuren aurka, lehen ministroa "enperadore gisa" jarduten ari dela salatzeko.