argia.eus
INPRIMATU
Israelek kazetari palestinarrak hiltzeko patroi bat jarraitzen duela erakutsi dute
  • Kazetarien Babeserako Batzordeak adierazi du 103 kazetari hil dituztela sionistek urriaren 7tik eta 150etik gora zenbatu ditu Gazako Osasun ministerioak. Txosten batek ohartarazi du kasu batzuetan nahita hil zituztela, kazetariak zirela jakinda.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 28a

Gaza bilakatu da munduko lekurik arriskutsuena kazetarientzako azken bederatzi hilabeteetan. Forbidden Stories ikerketa taldeak txosten bat argitaratu du, hamahiru hedabidetako 50 kazetarik landutakoa, eta bertan adierazi dute armada sionistak kazetariak hiltzeko “patroia” errepikatzen dela jardunean. Hildako kazetarien kopuru ezberdinak plazaratu dituzte hainbat iturrik, 103 jaso ditu Kazetarien Babeserako Batzordeak, baina 150etik gora izan dira Gazako Osasun ministerioaren arabera. Genevako laugarren hitzarmenak zehazten du nazioarteko legea urratzen duela borrokan parte hartzen ari ez diren kazetariei edo beren tresneriari eraso egiteak. Israelek berak eta beste 195 herrialdek sinatua dute hitzarmen hori.

Forbidden Stories taldeak ateratako ikerketan adierazi dute Gazan azken hilabeteetan hildako kazetari kopurua “errekorra” dela, mundu mailako beste gatazka armatuak gainditzen dituela. Gutxienez hemezortzi kazetari hil edo zauritu dituzte sionistek ustezko drone erasoen bidez, horietako lauk prentsa txalekoak zituzten jantzita. Ikerketak aditzera ematen du kazetari gisa identifikatuak izan zitezkeen arren eraso egin ziela Israelgo armadak. Hedabideetako 40 langile beren etxeetan zeuden bitartean hil zituzten sionisten bonbek, eta beste 40 lanean zebiltzan Israelek "palestinar erresistentziaren aldeko komunikabide" gisa izendatutako taldeentzat. Hedabideen lantoki ziren sei eraikin suntsitu ditu Israelek, txostenaren arabera. “Patroi beldurgarria” salatu dute Gaza project izeneko ikerketan.

Forbidden Stories ikerketa taldearen sortzailea eta kazetaria den Laurent Richarden hitzetan “Gazan bizirauten duten kazetariek aspalditik dakite prentsa txalekoek ez dituztela babesten. Are gehiago, babeserako tresneriak arrisku handiagoan jarri ditzake”. Ikerketa taldetik ohartarazi dute kazetariak “historiaren lekukoak” direla, eta beren presentziak saihestu dezakeela gerra krimenak inpunitatez zabaltzea. Era berean, adierazi dute kazetarien lana ezinbestekoa dela gatazkan bertan gertatzen ari dena ezagutzeko, zabaldutako propagandatik harago.

Adimen artifizialak kazetariak ditu jo puntuan?

Forbidden Storieseko ikerketa egin duten kazetariek jakinarazi dutenez, Lavender adimen artifizialaren bidez hilketa hauetako batzuk egin izana aukera bat da. Sistema honen helburua erasoen jo puntuan daudenak hautatzea da, eta hainbat ezaugarri hartu ditzake kontuan. Zalantza sortu du honek, ea Lavenderrek kazetariak nahasten dituen erresistentzia palestinarreko borrokalariekin, edo ea nahita hartzen dituen helburu militar gisa. Israelgo iturri batek azaldu du “litekeena dela kazetari bat Hamasen WhatsApp talde batean egotea edo haiekin komunikatzea”, eta horregatik “zentzua duela” Lavenderrek Hamaseko militante gisa identifikatzea.