Hamasek larunbat goizaldean espero gabeko erasoa jo zion Israeli, eta erantzuna bortitza izan da. Israelek gerra deklaratu du, eta Gaza bonbardatzen dihardu bi egunez. Palestinako Aginte Nazionalak nazioarteko babesa eskatu du: “Ez utzi Gazako palestinar guztiak hil ditzaten”.
Israel eta Palestinaren arteko gatazkak asteburuan eskalada izan du, eta ehunka hildako utzi ditu; milatik gora, bi aldeak elkartuz gero. Larunbat goizaldean Hamasek “aurrekaririk gabeko” erasoa jo zuen, eta ustekabean harrapatu zituen Israelgo indarrak. 5.000 suziri bota zituzten ekintzaileek, lur, aire eta itsaso bidez egin zuten eraso, eta hamarnaka milizianok lortu zuten 50 puntutan muga pasa eta zenbait herriren kontrola hartzea. Hamasek Israelen aurka egindako orain arteko erasorik handiena da, eta Jihad Islamikoak –Gazako bigarren talde armaturik handiena– bat egin du erasoarekin. Jakinarazi dutenez, erasoa egin dute aurre egiteko "okupazioko krimenei", Al Aqsa mezkitaren aurkako "etengabeko profanazioari" eta kolono israeldarrek palestinarren aurka aurten areagotu dituzten erasoei.
Israelgo hainbat militar eta zibil bahitu zituztela baieztatu du Hamasek, eta Saleh al Arourim goi kargudunak ohartarazi du preso palestinar guztiak –horietako asko gose greban daudenak– askatzeko baliatuko dituztela bahiketak, besteak beste. Gutxienez 700 israeldar hil eta 2.245 zauritu dituzte, azken datu ofizialen arabera.
Israelen erantzuna izan da Gaza bonbardatzea, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gerra deklaratu du: “Inoiz ikusi gabeko prezioa ordainduko dute”. Larunbatetik Gaza bonbardatzen ari da Israel, eta gutxienez 413 palestinar hil eta 2.300 zauritu dituzte, bertako osasun iturrien azken datuen arabera.
Palestinako Aginte Nazionaleko Kanpo ministro Riad al Maliki-k nazioarteko babesa eskatu du: “Ez utzi Gazako palestinar guztiak hil ditzaten”. Salatu du nazioarteko agintariek orain arte ezikusiarena egin dutela Israelek Gazan eta Zisjordanian eragindako giza eskubideen urraketen aurrean.
Gatazka armatuak luze iraungo duela aurreikusten dute adituek. Gazako biztanle gehienak etxean gotortuta daude, eta gutxienez 20.000 pertsona lekualdatu dira bonbardaketetatik babesteko.