argia.eus
INPRIMATU
Israelek Gaza bonbardatu du
  • Israelgo Armadak Tel Aviv-etik hiru misil jaurti ditu mugaz beste aldera asteazken goizaldean, ordu batzuk lehenago eta Banderen Martxaren harira Gazatik botatako su puxikei erantzunez. Maiatzaren 21ean bi aldeek adostu zuten su-etenaren ondoren egin den lehen erasoa da.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 16a
Israelek Gazan egindako eraso bat, 2021. Argazkia: Osama Eid

Banderen Martxa izeneko mobilizazio sionistaren biharamunean, Israelek eraso egin dio Palestinari, bart manifestazioko istiluen harira Gazatik jaurtitako su puxikei erantzunez. Bi misil Maan inguruan erori dira, eta beste bat Gaza hirian. Wafa albiste agentziak azaldu du Israelen erasoak kalte materialak utzi dituela, baina ez dituela biktimarik utzi.

Gertakariak astearteko istiluen ondotik jazo dira. Izan ere, astearte arratsaldean antolatutako Banderen Martxa mobilizazio sionistak istiluak eragin zituen Israelen eta Palestinaren artean. Jerusalemko Damaskoko Atearen inguruan: auzo arabiarrekoei oldartu zitzaizkien manifestariak, eta Poliziak hamazazpi palestinar zauritu zituen. Gazako aldetik, berriz, su puxikak jaurti zituzten, 20 sute eraginez Israelgo lurretan.

 Naftali Bennett aukeratu berria den Israelgo ministroak baimendu zuen Banderen Martxa, ustez Hamasek egindako erasoaldi batengatik maiatzaren 10ean atzera bota eta gero. Mobilizazioan eskuin muturreko hainbat eragilek hartu zuten parte. Tartean, Bezalel Smotrich Alderdi Sionista Erlijiosoko liderrak eta Shlomo Karai Likudeko diputatuak. Poliziaren datuen arabera, 5.000 manifestari ere hurbildu ziren; hedabideek 3.000 lagun inguru zenbatu zituzten. 

Israelgo Poliziak 2.000 agente deitu zituen egoera kontrolatzeko. Bestalde, Damaskoko Atetik kanporatu egin zituzten arabiarrak, eta hurbiltzea lortu zuten arabiarren aurka oldartu ziren Israelgo segurtasun indarrak. Horrez gain, Israeleko mugara gerturatutako manifestari palestinarren aurka ere egin zuten segurtasun indarrek, negar gasa eta suzko armak erabiliz. Palestinar bati hankan tiroa jo zioten.