Gazako zerrendan energia ekoizten duen zentral bakarra erregairik gabe dago iragan igandetik. Israelek ezartzen duen itsasoko, aireko eta lurreko blokeoak ez die uzten erregai gehiago erosten. Berehalako argindar mozketak larriki kaltetu dezake eskualde palestinarra, ospitaleetan eta azpiegituretan, batik bat.
Israelek Gazako Zerrendaren aurkako blokeoa estutu du azken egunotan, eta horren ondorioz, bertako palestinarrek muturreko krisi energetikoa jasango dute. Gazako konpainia elektrikoak atzo ohartarazi zuenez, palestinarren kontrolpeko kokalekuan dagoen zentral energetiko bakarra hornikuntzarik gabe dago igandetik, blokeoaren erruz. Ia bi milioi biztanle elektrizitaterik gabe geratuko dira, ospitaleak eta oinarrizko beste hainbat zerbitzu barne.
Gazako zentral elektrikoak bertako energia kontsumoaren %35a ekoizten du, eta gainontzekoa erostera behartuta daude: erasoaldiari tinko eusten dion Israeli eta Palestina aspalditik salduta utzi duen Egiptori, gehienbat. Gazan ohikoak dira eskasia horrek bultzatutako argindar mozketak. Orain, ordea, zuzenean erregaia lurraldean sartzea galarazi dietenez, elektrizitate planta bakarrak energia sortzeari utziko dio. Egoera bestela ere ez da ona gainera, Gazako bi milioi biztanleen erditik gora pobrezia mugaren azpitik bizi baitira, Munduko Bankuko datuen arabera.
Erregimen sionistaren tankeek bonbardaketa berriak egin dituzte Gazako zerrenda setiatuan Palestinako Erresistentziaren kontra, Israelgo Defentsa Indarren (IDF) txostenen arabera. Israelgo Gai militarretarako ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Hamas Palestinako Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak erasoak burutu ditu Gaza iparraldetik. Jaurtiketak ustezko “globo su-eragile batzuei erantzuteko” egin ziren, Israelek okupatutako lurraldeekin muga egiten duten zonaldeetatik bidalitakoak. Gazak maiz jasotzen ditu halako erasoak, era guztietako aitzakien pean. Hamas mugimendu palestinarrak ohartarazi duenez, Tel Avivek “iritzi publikoa bere barne krisi sakonetik desbideratzeko asmoz” egin ditu erasook.
Azken egunotan tenperatura igotzen ari da Ekialde Hurbilean. Sionistek Gazako zerrenda bonbardatzen duten aldi berean, Arabiako Emirerri Batuek Israelekin harremanak “normalitzatzeko” erabakia iragarri dute, palestinarren haserrea piztuz. Horrez gain, Israelgo indar okupatzaileek gazte palestinar bat hil dute tiroz Al-Quds hirian, HispanTV hedabideak jakinarazi duenez. Gertakariaren ostean, polizia israeldarrak Jerusalemgo Al-Aqsa meskita itxi du.
Zailtasunak zailtasun, palestinarrek ez dute amorerik ematen. Duela hiru aste Hamasek indar erakustaldia egin zuen Mediterraneora misilak jaurtiz. Horrekin batera, ohar zuzena helarazi zion Israeli: “Hamasek milaka misil ditu, eta okupatzaileak gure herria erasotzen ausartzen badira, zuen koloniak hiri mamu bihurtuko ditugu”, egin zuen mehatxu Palestinako Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko Gazako buruzagi Yahya Sinwar-ek.