Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.
2023ko azarotik 2024ko apirilera arteko hilabeteak ikertu ditu azaroaren 8an argitaratutako txostenak. Sei hilabete horietan Gazako zerrendaren erdialdean fosforo zuriarekin bederatzi eraso identifikatu dituzte, sei Gazako hiriburuan eta hiru Jan Yunisen, horietako batzuk errefuxiatu guneetan.
Ez da fosforo zuriaren erabilera salatzen den lehengo aldia, 2012an Gazako Fronteko Osasun ministroak ere produktu berdina erabili izana salatu baitzuen.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak azaldu duenez, fosforo zuriak bat-batean hartzen du su oxigenoarekin kontaktuan jartzen denean, eta oso zaila da itzaltzen. Gainera, azalari eta arropari itsasteko joera du eta erredura “sakonak eta larriak” eragiten ditu, hezurretaraino ere sartzen baita.
Gerra helburuak identifikatzeko adimen artifizialaren ustezko erabileraren berri ere ematen du NBEk publikatutako txostenak. Salatu du Gazan erabiltzen den teknologiak ez dituela bereizten militarrak eta zibilak; pertsona bat gizona ala emakumea den bereizteko baino ez duela balio.
Zibilen aurkako erasoak masiboki hedatu izana salatu du NBEk, eta argudiatu du horren isla dela gutxienez 16.000 adin txikiko erail izana, edo etxebizitza zein ospitaleei etengabe eraso egin izana.
Azken 24 orduetan Israelgo armadak gutxienez 50 palestinar hil eta 160 zauritu ditu Gazan. Gazako Osasun Ministerioak igande honetan argitaratu duen txosten baten arabera Israelek hiru sarraski egin ditu asteburuan Gazako Zerrendan hainbat familien aurka.
Ikerketan gaineratu du 10.000 pertsona inguruk hondakinen artean eta errepideetan harrapatuta jarraitzen dutela desagertuta, Defentsa Zibileko erreskate zerbitzuek ezin baitute esku hartu. Ministerioak gogorarazi du datu horiek hurbilketa soila direla, ezin baita zehazki kalkulatu bonbardaketen ondorioz zenbat pertsonek jarraitzen duten hondakinen azpian.
Asteburuko datuen bilketaren ostean, 43.603 palestinar hildako erregistratu dira. Biktimen %70 emakumeak eta haurrak dira Hamaseko Gobernuko iturrien arabera, 29.276 pertsona guztira. Gainera, 3.500 haur inguru desnutrizio arriskuan daudela jakinarazi du.