Al Jazeerak eta bestelako tokiko hedabideek adierazi dutenaren arabera, Israelgo armadak ez du Shireen Abu Akleh kazetariaren hilketa ikertuko; kazetariaren familiak dio erabaki honek ez dituela harritzen.
Israelgo Polizia Militarraren Ikerketa Kriminalerako Dibisioaren arabera, Shireen Abu Akleh kazetari palestinarraren hilketa ikertzeak "eztabaida ekar lezake"; hau dela eta, hilketa ez ikertzea erabaki dute. Haien ustez, Israelgo soldaduak prozesu batean hilketa egiteagatik susmagarri izateak eztabaida handia suposatuko luke Israelen, eta hori saihestearren, ez dute hilketa ikertuko. Israelgo Ha'aretz hedabideak zabaldu du informazio hau.
Abu Aklehren familia ez dago Israelek hartu duen erabaki honekin harrituta, baina haien familiartekoaren hilketa prozesu garden baten bitartez ikertzea eskatu dute. "Hau espero genuen Israelen partetik. Horrexegatik ez genuen nahi haiek ikerketaren parte izatea. Shireenen hilketaren erruduna erantzule egitea nahi dugu, besterik ez", adierazi dio Shireen Abu Aklehen familiak Al Jazeerari, Shireenek berak lan egiten zuen hedabideari.
Nazioarteko komunitateari, eta AEBei espresuki, ikerketa abiatzea eskatu diete; izan ere, Shireen AEBetako herritarra zen.