argia.eus
INPRIMATU
Israelek ez du onartu AEBen esanetan berarekin adostu zuen su-eten proposamena
  • Joe Bidenek adierazi zuen Israelekin adostuta zegoela AEBek ostiralean aurkeztutako proposamena, baina Netanyahuk zalantzan jarri du su-etena egon daitekeenik Hamas guztiz suntsitu arte. Hamasek positibotzat jo du eskaintza eta negoziatzeko prestutasuna adierazi.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 04a
Jabalia errefuxiatu eremua. / Argazkia: Omar Al-Qattaa/AFP.

Joan den ostiralean Joe Biden AEBetako presidenteak su-eten proposamen bat aurkeztu zuen, hiru fasetan lortuko lituzkeena su-eten iraunkorra eta bahituen itzulera. AEBetako estatu idazkaritzako bozeramaileak eta Segurtasun Batzordekoak, biek adierazi zuten Israelgo Gobernuak landutako proposamena zela, AEBen, Qatarren eta Egiptoren bitartekaritzarekin, eta Hamas zela oztopo bakarra su-etena ez gauzatzeko. Hamasek, bere aldetik, jakinarazi zuen positibotzat jotzen zuela su-eten proposamena, eta prest zegoela negoziaketetan hasteko su-eten iraunkorra helburu zuen plan bati buruz.

Baina ustez sionistek onartutako proposamena zalantzan jarri du Netanyahuk berak asteburuan. Alde batetik, esan du AEBen planak ez diola Israeli debekatuko “gerran” jarraitzea Hamas suntsitu arte. Bestetik, adierazi du gerra amaitzeko baldintzak ez direla aldatu, eta su-eten iraunkorra egon ahal izateko beharrezkoa dela Hamasen gaitasun militarrak eta aginte gaitasuna suntsitzea, bahituak askatzea eta bermatzea Gaza ez dela mehatxu bat izango Israelentzat etorkizunean. Baldintza horiek zalantzan jartzen dute AEBek esandakoa, alegia, su-eten iraunkorrera bideratua zegoela proposamena.

Hiru faseko proposamena

Hiru fase ditu Bidenek aurkeztutako proposamenak. Lehenengoak aurreikusten du, sei astean, berehalako su-eten orokorra abiatzea. Hamasek bahitutako pertsonetako batzuk askatuko lituzke, emakumezkoak, adineko pertsonak eta zaurituak, batez ere, eta Israelek ehunka preso palestinar askatuko lituzke. Armada sionista partzialki erretiratuko litzateke Gazatik, biztanleria handiko zonaldeetatik kanpora, eta laguntza humanitarioaren sarrera bermatuko litzateke, gutxienez 600 kamioi egunean.

Bigarren faseari “liskarren amaiera iraunkorra” deitu zion Bidenek. Horretarako adostasuna lortzea zaila izango zela adierazi bazuen ere, proposamenak jasotzen du Hamasek bizirik dauden bahitu guztiak askatzea eta armada sionista Gazatik guztiz erretiratzea. Hirugarren fasean Gazaren berreraikuntza hasiko litzateke, eta israeldar hildakoen gorpuak emango lituzke Hamasek.

Nazioarteko babesa

Herrialde ugarik ontzat eman zuten AEBen proposamena. G7ko herrialdeek, Kanada, Japonia, Frantzia, Alemania, Italia eta Espainiak babestu egin zuten akordiorako aukera, eta Hamasi dei egin zioten onartu zezan. Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek ere bat egin zuten Bidenen proposamenarekin, eta Qatar eta Egiptok Israel eta Hamasi eskatu zieten hitzarmena gauzatzeko.

Israelen protesta jendetsuak egon dira Benjamin Netanyahuri presio egiteko AEBen proposamena onartu dezan. 120.000 pertsona inguru irten ziren kalera igandean Tel Aviven egindako mobilizazioetan. Azken hilabeteetan protesta ugari ikusi dira Israelen Netanyahuren kudeaketaren aurka. Bbahituen familiek hainbat kritika egin dizkiote lehen ministroari, eta salatu dute bahituen itzulera oztopatu duela Gazako oldarraldian izandako jarrerak.