argia.eus
INPRIMATU
Israelek erasoak gogortzeko mehatxua egin du, suziri palestinarrak gelditzen ez badira
  • Israelek suziri bidezko erasoak bertan behera uzteko eskatu dio Palestinari. Gainera, mehatxua areagotu du: datozen 36 orduetan Hamasek erasoak gelditzen ez baditu, oldarraldia handituko duela jakinarazi du Israelgo ekonomia ministroak. RTk jakinarazi duenez, beste 15 pertsona inguru hil dituzte bonbek gaur goizaldean.

2012ko azaroaren 19a
Bonbardaketak gogortu egin dira Gazan.

Israelgo agintarien adierazpen horiek berehala eragin dituzte erantzunak: Irango Parlamentuko presidente Ali Lariyanik inguruko herriei esan die Siriaren aurka bonbaka jardun beharrean Palestinari lagundu behar zaiola, armak eta soldaduak bidaliz. Aldiz, Barack Obama AEBtako presidenteak Israelen defendatzeko eskubidea babesten duela jakinarazi zuen atzo.

Erasoa hasi zenetik egunik odoltsuena izan zen atzokoa: 35 pertsona hil ziren guztira. Gaur goizaldean izandako bonbardaketek ere hainbat hildako eragin dituzte eta azken sei egunetan guztira 85 lagun inguruk bizia galdu dutela jakinarazi du Associated Press agentziak.

Asteazkenean, Babeserako Oinarria operazioa martxan jarri zenetik, Israelek, 1.350 leku bonbardatu ditu. Atzo “su etenera iristeko akordioa ia lotuta zegoela” jakinarazi zion Hamaseko ordezkari batek Al Jazzera telebista kateari. Baina adierazpenak egin eta ordu gutxira negoziazioak eten ziren eta bonbardaketak jarraitu egiten dute.

Anonymous hacker taldeak berriz, Israelen aurkako ekintzak hasi ditu eta mundu osotik Interneteko blokeoak egiten saiatu da. Lehen ekintzak, 5.000 funtzionario israeldarren datu pertsonala kaleratzea eta Israelgo 700 webgune baino gehiago blokeatzea izan dira, horiean artean Tel Aviveko gobernuaren webgunea, Jerusalengo kutxa eta Israelgo Barne Ministerioa.