argia.eus
INPRIMATU
Israelek erasoak areagotu ditu, eta gutxienez 48 dira hildako palestinarrak
  • Palestinaren aurkako azken erasoa hasi zuenetik, Israelek gutxienez 48 palestinar hil eta 300 zauritu ditu. Israelgo Armadaren arabera, azken egunotakoa Hamasi “2014tik emandako kolperik handiena” da. Israelek uko egin dio NBEk galdegindako su-etenari.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 12a
Argazkia: Reuters

“Gure asmoa da erasoen intentsitatea eta kantitatea handitzea”. Asteartean Israelgo jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazitakoari segi, Palestinaren aurkako erasoa etetetik urrun Israelek areagotu egin du ofentsiba azken orduetan, biktima kopurua handituz. AlJazeera hedabideak jakinarazi duenez, asteartetik asteazkenerako gauean Israelen bonbardaketek ez dute etenik izan Gazako zerrendan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, hildako palestinarren kopurua 48ra igo da –horietatik hamalau haurrak izanik–, eta 300dik gora pertsona gehiago zauritu dituzte.

AlJazeerak jasotakoaren arabera, Palestinako zenbait iturrik jakinarazi dute bonbardaketek talde armatuen egoitzak jo dituztela, eta baita zenbait komisaria ere, Hamaseko Poliziaren egoitza nagusia kasu. Tartean, hamahiru solairuko bizileku-eraikin bat ere suntsitu dute. Israelgo Armadak adierazi du Hassan Kaogi Hamasen segurtasun militarreko saileko burua eta Wail Issa kontraespioitzako saileko burua hil dituela erasoekin, eta Hamasi “2014tik emandako kolperik handiena” bezala kalifikatu du azken egunetako oldarraldia.

Azken orduetako erasoari suziriekin erantzun dio Hamasek, bost hildako eraginez Israelen, horietako bat adin txikikoa. Hamasek argudiatu du eraso egin duela Israel etengabe ari delako herritarren aurka suziriak jaurtitzen, eta Israelek, bere aldetik, Hamasek jaurtikitako suziriak darabiltza bonbardaketei bide emateko aitzakia bezala. Julen Aperribai eta Paulo Ostolazak Berri-an jaso dutenez, litekeena da Israelgo Armadak Gazari lurrez ere eraso egitea.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta bitartekari gisa diharduen Egiptok su-etena proposatu diote Israeli, baina honek gaitzetsi egin du. Asteazkenean da biltzekoa NBE, gatazkaren bueltan jarduteko.