argia.eus
INPRIMATU
Israelek dozenaka lagun hil ditu Libanon eta Yemenen, Hezbollah eta Hamaseko buruak tartean
  • Israelen bonbardaketek ez dute etenik. Beirut (Libano) eta Yemengo hainbat azpiegitura izan ditu jo-puntuan azken egunotan, eta dozenaka herritar hil erasoetan. Horien artean, Hezbollah erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah eta Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil Qaouk, Hamas erakunde islamistako komandante Fatah Sharif Abu Al Amin, eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko hainbat goi-kargu.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 30
Yemengo Al-Hudaida portuaren aurkako erasoa Ansarullah Media Center

Yemenen, huthien aurkako "eskala handiko erasoa" abiatu du Israelek. Al-Hudaida eta Ras Isa portuak eta bi instalazio elektriko bonbardatu ditu, eta gutxienez 24 lagun hil, huthiek Tel Aviv hiriko Ben-Gurion aireportuaren aurka misil balistikoa jaurti eta hurrengo egunean. "Dozenaka hegazkinek huthien erregimen terroristaren gune militarrei eraso diete Yemengo Ras Isa eta Al-Hudaida eremuetan", jakinarazi du Israelgo Armadak. "Erasotutako azpiegituren bidez, erregimen huthiak armak garraiatzen ditu Irandik bertara, baita petrolioa ere. Huthiek Israelgo Estatuaren aurka egindako azken erasoei erantzuteko egin dugu erasoa".

Artean, Gazaren aurkako operazioa ahaztu gabe, Libanoko hiriburua ere gogor kolpatu du Israelek asteburuan. Bonbardaketetan, besteak beste, Hezbollah-ko buruzagi Hassan Nasrallah eta erakunde horretako Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil Qaouk hil dituzte. Hainbat eraikinen kontra egin du tiro Israelek, "egoitza terroristak" zirela-eta.

Halaber, Beirut hiriburuaren aurkako erasoetan Hamas erakundeak Libanon zuen buruzagia –Fatah Sharif Abu Al Amin komandantea– hil du Israelek, baita haren emaztea, semea eta erraina ere. "Operazio terrorista honek, Al Bass errefuxiatuen eremuko Fatah Sharif komandantearen etxea eta haren familia zituen jo-puntuan", adierazi du Hamasek. Gainera, Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko hiru-goi kargu ere hil ditu Israelek Beiruten.

Ezin konta dira Israelek hildakoak. Libanoko Gobernuak emandako datuen arabera, gutxienez mila zibil hil ditu azken egunetako erasoetan. Sei milioi biztanle baino gutxiago dituen herrialdean, jada milioi bat lagunek egin behar izan dute ihes euren etxeetatik, Libanon sekula izan den "desplazamendu operazio handienean".